
Euskararen aldeko oldarraldirik ere bada. Batez ere, Ipar Euskal Herriko metalgintzan. Suhuskuneko Kimule taldea da ereduetako bat, beste hainbaten artean. Iparraldearen orena eta onena bizitzen ari gara, ziurrenik. Baxenafartarren Oldar bizian bigarren lana da urteko danbatekoetako bat, doinuen eta mezuen lotura paregabeagatik.
Boskotea berritu osteko emaitza da, iragan hurbilarekin haustura erabatekoa ez den arren. Niko eta Pettan bi abeslarien lekua bakarrak hartu zuen; Beñat Lascanok (Hurmurao ohia). Aldaketak mesede egin dio taldeari, haren ahotsak proposamena indartu duelako. Camille eta Remy Milhac anaiak —gitarra eta bateria jotzailea, hurrenez hurren—, Eñaut Costera gitarrista eta Igor Elgoyhen baxu jotzaileak dira gainerako kideak.
Jatorrizko hizkuntza mugarik gabe erabili eta muturreko groove metala aldarrikatu dute. Bost ale ditu lan laburrak, ziztu batean pasatzen direnak belarriak tenkatuz. Traganarruk lehena bideoklip eder batekin aurkeztu zuten, eta abiapuntu aparta da. Halere, Lezerantz da altxor gordinena, barruraino garamatzana. Gainerako hiruak ere nabarmentzekoak dira: Hautemate bilketa, Ene senseiei eta Gorputz hauskorretan.
Taula gainean ere oldartzen hasiak dira, eta aukera gehiago bizitzeko gogoz dabiltza. Ehaaa!
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. Traganarruk
02. Lezerantz
03. Hautemate bilketa
04. Ene senseiei
05. Gorputz hauskorretan