Knives - Collapse

Zikina, gordina eta zitala. Bizkaiko Knives taldeak bere egin ditu crust punk estiloaren ezaugarriak. Muturreko metaletik datoz kide guztiak, eta death metalaren zein rockaren artean topa daitekeen proposamena findu dute elkartu zirenetik hona. Lurpean dabiltza ordutik, eta ahots urratua berrituta plazaratu zuten otsailean Collapse diskoa. Peter abeslariarekin kaleratu duten aurrenekoa da, eta berarekin batera banda suspertu dute.

Darkness By Oath, Odd Heathenish, The Descent, Bioterror, Jhëit eta Black Ocean Witness taldetan trebaturiko musikariek bestelako doinuen alde egin zuten. Beti ere, gerizpean eta muturrean. 2014an Markina Xemeingo A.D. taldearekin konpartitu zuen Nuova Aetica Luporum lan hartatik ildo bera mantendu dute, nahiz eta aldaketa batzuk izan. Bereziki, abeslariarena. The Wizards taldeko Inarekin bidea egin arren, bere ekarpena dagoeneko iragana da. 2018an iragarri zuten Peter abeslariaren fitxaketa, eta bera da oraina, eta ondo bidean baita etorkizuna ere. Berari esker aurrera egitea lortu du Knivesek, eta kolapso bat irudikatu arren, beraiek ez dira ez aurrera ez atzera geratu.

Txuri-beltzetik gorri-beltz eta grisera egin dute, eta bor-bor daukate odola. Collapse lan motza eta zuzena da, distortsioen bidaia lehorra. Era berean, freskagarria da bizkaitarren bat-batekotasuna. Karrantzako BlackStorm estudio zein baserritik zazpi kantu makur lapurtu dituzte. Intziri batzuekin hasten da Martyrs aurreneko abestia, eta jarraian elementu gordin asko nahasten ditu: punk-hardcorea, crust makurra, death metala eta black metal pasarte bat! Familia berekoak dira Obey (The Eye) eta Was It Worth It?, eta riff gogoangarri bat du The Unknown kantu zitalenak. Thrash zantzuak ere badituzte, eta bereziki Handcraft Utopia izenekoak, Slayer desagertuen faktoriatik riffen bat hartu dutelako.

Ingelesak agintzen badu ere, euskarari tartea egin diote lanari bukaera emateko. Bæignätt izenburuak ez du horrelakorik iradokitzen, baina bi minutu eskaseko zartako euskalduna da. Mingain zorrotza du, gainera: “Akabo, eten, bukatu / botere berriaren gezurra hedatu / ahulak eta antzuak akatu”.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Martyrs
02. Obey (The eye)
03. Was it worth it?
04. The Unknown
05. Handcraft Utopia
06. Architects of society
07. Baeignatt

Hurrengo kontzertuak