2025/12/02

Koba Live jaialdiaren etorkizuna kolokan dago

Sugaar musika elkarteak jakinarazi duenez, 2026an ez da Koba Live jaialdirik egongo, Abadiñon. Harturiko erabakiaren berri emateko, ohar bat plazaratu dute jaialdiaren antolatzaileek. Erakunde publikoek datorren urteko diru laguntzak nabarmen murriztu izana da jaialdia bertan behera uzteko arrazoia.

Irailaren 20an egin zuten laugarren Koba Live festibala. Zortzi talde aritu ziren zuzenean, nazioarteko bost (Eclipse, Onslaught, Wolfheart, Before the Dawn eta The Electric Alley) eta Euskal Herriko hiru (Ehun Kilo, Asgarth eta Moonshinerds). Oro har, harrera ona izan zuen. Are gehiago, antolatzaileek adierazi dute aurtengoak ez duela galera ekononomikorik izan. 

Horrela ere, Koba Live jaialdiaren etorkizuna kolokan dagoela aitortu dute, berriz ere antolatzea baztertu ez duten arren.

Adierazpena osorik irakur dezakezue jarraian:

"Sugaar musika elkarteak, azken lau urteetan Abadiñoko Koba Live musika jaialdiko antolatzaile lanetan jardun duen irabazi asmorik gabeko elkarteak, 2026an Koba Live jaialdia ez antolatzea erabaki duela plazaratu nahi du.

Erabaki hau Bizkaiko Foru Aldunditik eta Abadiñoko Elizateko Udaletik jasotako diru laguntzetan izandako murrizketa ekonomikoak direla eta hartu behar izan dugu.

2025eko edizioa galera ekonomikorik gabeko lehena izan arren, aurrekontuan izandako murrizketak, eragotzi egiten digu jaialdi hau aurrerantzean garatzeko beharrezkotzat jotzen ditugun kalitate eta segurtasun estandarrak betetzea, eta honen aurrean nahiago izan dugu pausu bat alde batera ematea.

Gure asmoa ez zen hau, baina ez zaigu beste erremediorik geratu. Horrek behin betiko edo laister arteko agurra esan nahi duen, denborak esango du, elkarteak ez baitu baztertzen etorkizunean Koba Live berriro antolatzea.

Jasotako babesa eskertu nahiko genuke eta besarkada estu bat bidali, noizbait gugan konfiantza izan zuten eta proiektu hau martxan jartzen lagundu ziguten pertsona guztiei, eta bereziki, gure Kobazale eta Crew-ari, horiek gabe Koba Live ez baitzen inoiz posible izango".

Hurrengo kontzertuak