2021/06/13

Laumono taldeak "Umezurtzak Jupiterren" lan berriko lehen abestia estreinatu du

Mutrikuko Laumono hard rock bandak Umezurtzak Jupiterren hirugarren diskoa plazaratuko du aurten. Beraien herriko AME estudioetan grabatu dute Axular Arizmendirekin, eta gogotsu daude emaitza erakusteko. Aurrerapen gisa, Alkolitxua abestiaren bideoklipa estreinatu dute. Biarko Ekoizpenak (Enekoitz Andonegi) arduratu da bideoaz.

Laumono 90eko hamarkada bukaeran sortu zen, Ehun Kilo desagertu ondoren. Hasiera batean Deep Purple, Hendrix, eta Led Zeppelin bezalako 70eko hamarkadako hard rock taldeen bertsio batzuk jotzen zituzten kantu propioekin tartekatuz. 2000. urte hasieran hasi ziren zuzenekoak ematen, eta taldeari beste itxura bat emanez. 2001ean kaleratu zuten Beidau (TX Diskak) lehen diska. Entsegu lokalean grabatu zuten, eta Angel Katarainek nahastu zuen Katarain estudioetan. Inguruetan kontzertu batzuk emanda Ondarroako rock lehiaketa irabazi zuten.

Denbora pasata, 2003an taldea banandu zen, beti ere lagun artean. Ondorengo urteetan Ibai Mendinueta (Ilbeltz) eta Egoitz Andonegik beraien bideari jarraitu zioten Aiumeen Basoa taldearekin. Bestalde Jon Iturrino, Hira taldearekin batu eta azken hauen hirugarren lana Sic grabatu zuen. 2008. urtean Iturrinok Hira taldea utzi zuen proiektu pertsonalago batean barneratzeko asmotan. Oraingo honetan ere Enekoitz Andonegi bateriarekin batu zen, eta Iñigo Gorritxategi (The Wet Band) baxua. 2010eko hasieran berriz ere Rikar Garagarza abeslariarekin elkartu, eta orduan Laumono gisa bigarren diskoa grabatzea erabaki zuten. Iturrinok grabatu eta ekoitzi zuen lana, eta nahasketak Mikel Santosek egin zituen Santos Records estudioetan. Urte hartan, 2010ean, kaleratu zuten Adrenalinia (Autoekoiztua) diskoa. Bi lanak plataforma guztietan jarri dituzte entzungai.

Hurrengo kontzertuak