2025/12/10

"Lehen neurria, nola ez, gure soldatak igotzea izango litzateke"

Hauteskunderik ez da musikagintzan. Halere, zeinek erabakitzen du entzun beharrekoa, gehiengoak ala gutxiengo batek? Pasai Donibane eta Gasteiz bitarteko NaizPresidente taldea ez dugu irrati formuletan entzungo, zorionez. Agintzeko beste esparru batzuk dituzte; esaterako, oholtza. Zuzenekoen bidez ari dira estreinako diskoa aurkezten, duten boterea kontzertuetara joaten direnekin konpartitzen. Iñaki Altolagirre Matxet jaunarekin hitz egin dugu.

Lagun zaharrak eta musikari beteranoak zarete. Noizkoa da NaizRoxa eta Vice Presidentes taldeen arteko sasikume bat eratzeko ideia?

Aspaldikoa da. Bere garaian, bi taldeek kontzertu asko ematen genituen elkarrekin, eta egunen batean biak batu behar genituela aipatzen genuen. Nire ilusioa egiten zidan aspaldiko lagun handiekin horrelako proiektu bat egiteak.

Bi guraso oldarkorren oinarriak batu dituzue: hardcorea, thrash metala eta stonerra. Beraz, nahasketa horren emaitza naturala da?

Bai, erabat. Musikalki ez dugu ezer berririk egin, lauron ezaugarri guztiak hemen daude. Kandaren gitarra jotzeko eta kantatzeko era pertsonala, Ibanen erritmo basatiak, nire ahotsak eta efektu berezien soinuen moldaketa... eta Jotaren eskua grabazioan eta zuzenekoetan.

Hiru musikarik eta Jota Manu soinu teknikari zein lagun fidel batek osatzen duzue banda. Ez da ohikoa laukote bat horrela aurkeztea, ezta?

Ez, baina badaude adibide batzuk. Nire aita [Iñaki Altolagirre] Akelarre taldeko kidea zen soinu teknikari gisa. Asfaltuko lorea eta Gau pasa diskoetako argazkietan agertzen da [Barreak]. Jota Euskal Herrian dagoen soinu teknikari onenetako bat da. Gurekin batera, Niña Coyote eta Chico Tornado bikotearekin dabil.

Estreinako diskoan barneratzeko unea. Hasi orduko, presidente izan nahi duzuela diozue. Izango bazinate, zein da hartuko zenuketen lehen neurria?

Galdera zaila, Pasai Donibaneren desanexioa Pasaiarekiko, agian! [Barreak]. Lehen neurria, nola ez, gure soldatak igotzea izango litzateke. Ondoren, jende guztia pozik egoteko, Bimbo enpresa erosiko genuke, eta Pantera Arrosak dohainik banatuko genituzke.

Eta presidente bat aukeratzekotan, zein da benetako erreferente nagusia?

Pepe Mugicari keinu bat egin diogu diskoan, mundua ulertzeko hainbat esaldi utzi dizkigulako opari gisa. Pop kultura zale amorratuak gara, eta 1980ko zein 1990eko hamarkadetan agertu ziren presidenteak eta oraingoak ezinbestekoak izan dira proiektu hau egiteko. Beraien aldrebeskeriek asko inspiratu gaituzte.

Hamar zartako ditu lanak, eta askotarikoak dira. Musikalki aurreratu dugu koktel berean sartu duzuena. Letrak, berriz, adi entzun beharrekoak dira. Hau da, betiko moduan, zuen curriculuma kontuan hartuta. Musikak bezainbeste edo garrantzia gehiago dute mezuek?

NaizRoxa eta Vicepresidentes taldeekin alderatuta, letrak desberdinak dira. Askotan erabili izan dut umore beltza hitzetan, baina lan honekin aurrerapauso bat eman dugu. Distopia, historia eta beldurrezko zein fantasiazko filmen erreferentziak erabili ditugu. Sormen prozesua oso dibertigarria izan da hitzak idazterako garaian. Abesti bakoitza gidoitxo bat da.

Zeresan gehien sortu duen pieza Extremeños terror omen da. Norbait haserretu da dagoeneko?

Izenburua Extreme Noise Terror taldetik dator. Abestiak 36ko gerraren ondoren Extremadurako jende askori diktadura frankistak egin zien barrabaskeriei buruz hitz egiten du.

Beste kantarik aipatu dizuete, ereserki moduan har dezakeguna?

Denetarik esan digute: Emaidazu Orfidal, Ni naiz Moises, Zenbakiak gara, Lapurrak, Ez gaituzte maite... Bakoitzak bere gustukoa dauka!

Bilduma osoa Oiartzungo Lezoti estudioetan borobildu duzue, beti ere, laugarren kidearekin. Lekurik aproposena zen sasikume honen lehen urratsa grabatzeko?

Bai, oso gustura egon gara Lezotin, estudioa oso ondo dagoela. Gainera, etxetik gertu dugu.

Taula gainera ere eraman dituzue abestiok. Pasai Donibanen izan zen estreinaldi beroa. Gustura geratu zineten?

Bai, jende asko hurbildu zen, tartean lagunak. Beraien babesa ezinbestekoa izan zen. Kontzertu oso berezia izan zen. Batetik, duela gutxi zendu ziren bi lagun omendu genituen: Xanti Goikoetxea eta Aitor Bilbao. NaizRoxaren garaian, Aitorrekin Los Diablos de Lurdes Txiki taldea konpartitu genuen. Horrela, Corazon del Saporen El Arbol eta 1,2,3,4 abestiak jo genituen. Bestetik, kontzertua, Pasai Donibaneko Aterpean eman genuen. 1968. urtean, Ibanen aitak eta nireak beraien lehendabiziko kontzertua eman zuten leku hartan.

Zenbat denbora zeneramaten zuzeneko propiorik eskaini gabe?

Kandak zortzi urte zeramatzan jo gabe, eta Ibanek antzera. Jota eta biok gelditu gabe ibili gara. Aurretik, Sega Sound Killers taldearekin ibili ginen. Ondoren, San Juanek Kontxako Bandera irabazi zuen lehen mendeurrenaren ospakizuna prestatu genuen, ekitaldi musikatu batekin.

Kontzertu bira moduko bat iragarri duzue, eta batetik bestera ibiliko zarete presidente gisa. Zeintzuk dira datozenak, eta aintzat hartzekoak?

Larunbatean, abenduaren 13an, Donostiako Dabadaban ariko gara Cobra taldearekin batera. Urteko azkena izango da. Aurrera begira, hauek dira eskainiko ditugunak: urtarrilak 15 (Arrasate), urtarrilak 17 (Bermeo), urtarrilak 31 (Iruñea), otsailak 28 (Gernika-Lumo) eta martxoak 31 (Gasteiz).


Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.
Argazkiak: NaizPresidente.

Hurrengo kontzertuak