Lotura - Terminus

Erabakiek lotzen gaituzte, eta asko dira Lotura bizkaitarrek hartu dituztenak. Erabakien emaitza da Terminus bigarren diskoa. Laukotea berrosatu, proposamena nabarmen eboluzionatu eta beste zigilu baten babesa eskuratu dute. Erabaki zuzenak ala okerrak dira? Soilik denborak askatuko du korapiloa.

Iazko urtearen bukaera aldean sareratu zuten errepertorio osoa. Bozgorailuetan ozen jarri zuten haien musika, eta, beharbada, merezi duena baino hedapen apalagoa izan du. Bozgorailuak itzalita esan daiteke azken urteotako euskarazko metalcore disko onenetako bat dela. Eta, noski, pasa den urteko interesgarrienetako bat.

Alternatiboak eta modernoak dira oraindik, baina baita gordinagoak eta bizkorragoak ere. Sebas Limongi bateria jotzailearen fitxaketak beste dimentsio bat eman dio laukotearen musikagintzari. Ez soilik bonbo bikoitzaren erabileragatik. Geruza landuagoak dituzte zortzi abestiek, Iker Aginagaren ahotsen erabilera zainduagoa, Andoni Ugalderen zein Pablo Buenoren gitarren presentzia nabariagoa eta letren indarra, mantendu dutena.

Gorrotoa hazi bat da... dio diskoaren izenburu bera duen kanta apartak. Bera da orain direnaren termometro ezin hobea. Bozgorailuak birrintzeko balio duena. Ikusezinak, Barkamena eta Iruzurra ere pieza adierazgarriak dira. Eman duten jauziaren erakusle dira. Hedatu behar dituzten balioak dira, etxetik hasita.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Art Gates Records.

Abesti zerrenda:

01. Aegis
02. Ikusezinak
03. Barkamena
04. Terminus
05. Nahiko
06. Iruzurra
07. Lo egin nahi nuke
08. Deliverance

Hurrengo kontzertuak