Mosh - Vértigo

Arriskatzearen ondorioak onartu dituzte Mosh nafarrek, bertigorik gabe. Horri esker lortu dute beraien disko biribilena argitaratzea, eta Euskal Herrian aurten plazaratu den esanguratsuenetako bat. Vértigo lan zuzena izenburutik da adierazgarria. Primeran islatzen du boskotearen jarrera eta ezarri duten mugarria. Metala, hardcorea eta lelo iradokitzaileak uztartzeko formula topatu dute.

Iruzkinetan ohiko bihurtu da pandemiaren aipamena, ezinbestean. Azkoieneko taldeari ere eragin diola pentsa daiteke. Izan ere, iazko azaroan aurkeztu zuten lehen aurrerapena, eta ordutik presarik gabe jaurti dituzte gainerako singleak. Momentu egokienaren bila ibili dira, azkenik, irailean diskoa argitaratu zuten arte. Beraiek aitortu dute lasaitasunez hartu dutela prozesua, detaile guztiak behar bezala zaintzeko. Egiari zor, nabari da ondo baino hobeto landu dutela argitalpen aurreko eta ondorengo promozio aroa.

Boskotearen laugarren lana da Vértigo. Aurretik, Con el agua al cuello (2014) lan laburra eta Impune (2015) zein El filo (2017) iraupen luzeko bi diskoak kaleratu zituzten. Denbora horretan izandako eboluzio etengabearekin ez zuten erabat eztanda egin, baina iritsi da unea. Hirugarren diskoak ditu orain arteko lehergai aproposenak. Oldarkorra eta orekatua da, askotariko hamar kantu indartsuri esker. Gordintasunak eta melodiak bat egiten dute.

"No ves que no puedes vencer? / Somos heridas en tu piel / Pierdes el tiempo con tus límites / Es una trampa", dio Heridas abiapuntu perfektuaren estribilloak. Maila onari eusten diote azken hatsa bota arte. Guztiek aipamena merezi badute ere, zartako deigarrienak dira Estamos muertos, No busques problemas, Lo que quieres eta Viejos perros. The Metal Factory Studios-etan lortu duten soinuak are gehiago nabarmentzen ditu abestiak.

Ausardiaren ondorioa da lan berriak izan duen harrera ona. Bidea erraztu dute musika indartsua estimatzen duten entzuleengana iristeko.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Maldito Records.

Abesti zerrenda:

01. Heridas
02. Dale Más
03. Estamos Muertos
04. No Busques Problemas
05. Tiembra el Destino
06. Lo Que Quieres
07. Vete
08. Entre Mis Manos
09. Viejos Perros
10. Química

Hurrengo kontzertuak