2026/11/27

NaizPresidente eta Anestesia, omenaldi berezi batean

Tolosako Bonberenea gune autogestionatuak Pirritx, Porrotx eta Marimotots omendu ditu disko bikoitz berezi batekin. Bonbereneak maite zaituzte izenburupean, pailazoen kantutegiko abestien bertsio bilduma bat osatu dute. Guztira, Euskal Herriko hogei taldek parte hartu dute, eta tartean dira Anestesia zarauztarrak eta NaizPresidente gipuzkoarrak.

Noski, abestien moldaketa gordinak osatu dituzte, eta dagoeneko biak entzungai daude:

Anestesia - Ez gaude salgai

NaizPresidente - Abordatzera

Bonbereneak pailazoak omentzeko arrazoiak azaldu ditu: "Egungo eraikina okupatu genuenetik 29 urte pasatu dira, eta ibilbide osoan zehar etxearen parte izan ditugu pailazoak: ia urtero egin dute emanaldia gure oholtzan, bideo askotan agertu gaituzte, Bonberenea Txarangarekin saio eta kalejira ugari egin dituzte, hiru disko argitaratu ditugu elkarlanean (etxeko txarangarekin, Argantzun Ikastolaren alde eta Borobilean lana). Gainera, maila humano, sozial, politiko eta kulturalean eredu dira guretzat. Omenaldi honekin, musikaren bitartez eskertu nahi izan dugu haien eskuzabaltasuna eta konpromisoa".

Bilduman parte hartu duten beste hemezortzi taldeak hauek dira: Ama Say, Zea Mays, Rodeo, La Furia eta DZ, Gailu, Gorka Urbizu, Ezpalak, Don Condor & Ñora Alacran, Sofa, Galder, Arima, Lepora, Dena, Lisabö, Fermin Muguruza eta Estraperlistak, Mursego, Bertzesfer eta Ekiza. Guztiak Bonberenea Ekintzak zigiluaren Youtube kanalean entzun daitezke.

Moldaketa gehienak Karlos Osinagak grabatu, nahastu eta masterizatu ditu, 2025eko ekainetik 2026ko urrira bitartean, Bonberenea estudioan bertan. Lanaren diseinua, berriz, Joseba Poncek egin du.

Podcasta

Hurrengo kontzertuak