
Arrasateko Numen black metal taldeak ekainean argitaratuko du Erre bosgarren diskoa, hau ere, Frantziako Les Acteurs de l'Ombre diskoetxearekin.
Bost abesti izango ditu lanak, eta grabazioa pausoz pauso egin dute. bateria eta baxua iazko uztailean grabatu zituzten Frantziako B-Blast Records estudioetan eta Arrasateko Hamarratz musikagunean, hurrenez hurren. Oporren bueltan grabatu zituzten gitarrak eta teklatuak Basoa Studios-etan. Ondoren, Hamarratz musikagunera itzuli ziren ahotsa grabatzera. Azkenik, Javi Felezek nahastu eta masterizatu zuen Bartzelonako Moontower Studios-etan.

Boskoteak 2019an kaleratu zuten Iluntasuna besarkatu nuen betiko laugarren diskoa, eta orain arteko azkena. Jarraian duzue entzungai:
Numen banda egun musikari hauek osatzen dute: Aritz (ahotsa), Jabo (gitarra), Lander (baxua eta alboka), Eöl (teklatua eta ahotsak) eta Sistre (bateria) —zuzenekoetarako kidea da—.