Numen - Erre

Negarrez dago Lapurdi. Amorruz dago Numen. Euskarazko muturreko metalaren talde emankorrenak Erre lan kontzeptual esanguratsua plazaratu zuen ekainean. Beraien ibilbideko bosgarren diskoa da, eta bost atal ditu. 1609. urtean Lapurdin gertaturiko sorgin ehiza du oinarri, euskal mitologia beltzaren bidez kontatua eta black metalarekin goritua.

Gorri-beltzeko azalak ederki irudikatzen du kontatu duten historia eta istorioa. Sorginak, eguzki lorea, hezurrak, heriotza, negarrak eta beste daude iraganeko pasarte ilun haren errautsetan. Gordinkeria berarekin musikatu dute gertaturikoa. Izan ere, Pierre de Lancre epaileak —aipatu dutenak—, Henrike III.a erregearen aginduz, hirurogei pertsona inguru bizirik erretzera kondenatu zituen, gehienak emakumezkoak.

Bost atalen izenburuek, berriz, kontakizun makurraren nondik norakoak iradokitzen dituzte: Kez beteriko zeru penatua, Negu itxian urtarril hotza, Errautsen azken arnasa, Hustasuna – Oroitzapen galduen putzua eta Euria infernuko sutan. Erre zituzten sorginak gogora ekartzeko, irakurtzea merezi duen istorioa eta haien musikagintzaren aldarte guztiak bateratu dituzte.

Sugar bortitzak, folk melodia propioak eta aieneen oihartzuna dira iraupen luzeko abestien ezaugarri nagusiak. Horiek denak ondoen islatzen dituztenak dira bigarren eta azken kapitulua; alboka, panderoa, irrintziak eta joaldunak dituena. Apalagoa da teklatuaren presentzia, eta benetan bikaina gitarra zorrotzen zein bizkorren eta akustikoen sua.

Zinez, Erre diskoa zinemara eraman daiteke. Gaua filmean Ehiztari beltza ikusi bagenuen, zinemagile berberak egin dezake, besteak beste, Numen oso gustuko duelako.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Les Acteurs de l'Ombre.

Abesti zerrenda:

01. Kez beteriko zeru penatua
02. Negu itxian urtarril hotza
03. Errautsen azken arnasa
04. Hustasuna - Oroitzapen galduen putzua
05. Euria infernuko sutan 

Podcasta

Hurrengo kontzertuak