Orion Child - Into The Deepest Bane Of Hope

Euskal Herriko heavy metalaren faktoriak kalitate oneko piezak fabrikatzen segitzen du. Asko dira nazioartera esportatzeko aproposak direnak. Batetik, gurean publiko orokorrera iristeko duten zailtasunagatik -interesa eta zaletasuna-, eta bestetik, gaitasuna dutelako. Durangoko Orion Child taldeak argi dauka mundu mailara jauzia eman nahi duela, hedapen estimatuagoa delako. Into The Deepest Bane Of Hope bigarren diskoa oso egokia da horretarako. Eragin ezberdinen oreka lortu ondoren, proposamen bereizgarria lortu dute. Metal melodiko, gordin eta modernoa uztartzeko gai dira, kalitatearekin.

Formazioz klasikoak dira bizkaitarrak. Sustraia heavy zein power metalean dute, korronte europearrari kasu egiten diona. Horrela da, metal musikak ere baditu bere jatorri eta berezitasunak. Ordea, Eskandinaviako death metal melodikotik ur asko edan dutela diote, eta black metala zein progresiboa ere presente dutela. Horrelako deskribapenarekin, ez dakit irakurleak harrapatuko duen seikotearen nolakotasuna. Lasai asko esan daiteke bigarren diskoa mugarri izango dela beraien ibilbidean, lehenengoa gainditu eta nazioarteratzeko giltza bere baitan duelako. Kanpora abiatzeak iristea bermatzen ez duenez, ikusiko dugu oihartzuna zer nolakoa den.

Bost intro eta hamar kantu. Mamia ez da falta bizkaitarren bigarren urratsean. Argilunez beteriko kontakizunean abesti esanguratsu asko daude. No Return eta Escape From Hell izenekoek hasiera egokiena ematen diote lanari, aurrez aipaturiko osagaiak azaleratuz, eta beti entzuteko atsegina eginez. Victor abeslariarekin bat egiten duen entzuleak bere ahots finari segika pasako du diskoa. Gauza bera gertatuko zaio Jonkolen ahots urratuarekin, eta bere teklatu partituren aberastasunarekin. Fallen Gods aspaldian entzun dudan abesti interesgarrienetakoa da, zuzena eta zoragarria. Invictus bera bezala, black metal erritmoa, progresiboa eta power metala bateratuz.

Lehen diskoarekin ez bezala, bigarrena Euskal Herrian ekoiztu eta grabatu dute. Hain zuzen ere, Bilboko Chromaticity estudioetan Pedro J. Monge musikari eta ekoizle profesionalarekin. Finlandiara joan gabe, emaitza ona lortu daiteke gurean. Sormena ez ezik, ekoizpen ona erakutsi ahal dute gure mugetatik harago. Erreferentzia moduan, Children Of Bodom, Mercenary edo Scar Symmetry taldeak gustuko dituenak, aukera paregabea du Durangoko banda ezagutzeko.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Auto-ekoizpena

Abesti zerrenda:

01. Into the Deepest Bane of Hope
02. No Return
03. Escape From Hell
04. Nothing Remains
05. Search of Truth (Exegesis)
06. As Darkness Falls
07. Dark Temptation
08. Hear the Silence
09. Fallen Gods
10. Dying Alone
11. Doomankind
12. Crossing the Threshold of Darkness
13. Deathly Relief
14. Invictus
15. In the End, Shall Be the Beginning

Entzun:

Hurrengo kontzertuak