2024/02/26

Ozki bueltan da 'Eta orain zer?' lan laburrarekin

Goierriko Ozki kide bakarreko doom/sludge metal bandak Eta orain zer? bigarren lan laburra kaleratuko du martxoaren 15ean.

Bi abesti berrik eta moldaketa batek osatuko dute.

01. Niri bost
02. Eta orain zer?
03. Biharrik ez (Godflesh moldaketa)

Hain zuzen ere, Godflesh taldearen New Dark Ages moldaketa da Biharrik ez, eta jarraian entzun dezakezue:

Gorrototik eta nazkatik sorturiko egitasmoa da Ozki. Hiru abestiko lehen lan laburra 2022an plazaratu zuen. Tsunamia osorik entzun dezakezue jarraian:

Proiektuaren atzean dagoen pertsonak honela aurkeztu digu bere burua: "Ozki 2020ko udan hasi nuen. Musikarekin esperimentatu nahi nuen, jotzen 'ikasi'. Eskuartean nituen instrumentuak hartu eta abestiak sortzen hasi nintzen. Denborarekin, jotzeko eta grabatzeko teknika apur bat hobetu dut. Muturreko metala da nire erreferentzia, eta blackarekin, deatharekin, grindcorearekin... jolastu eta gero, doom, drone eta sludgearen bidea hartu dut. Etxeko estudioan grabatu dut guztia. Nihilismoa, negatibismoa, gizartearen ustelkeria... dira nire inspirazio iturriak".

Hurrengo kontzertuak