
Goierriko Ozki kide bakarreko doom/sludge metal bandak hiru abestiko Hilharan lan berria sareratu du. Hitz hauekin aurkeztu du: "Bizitza, heriotzara eramaten gaituen harana, eta guztiok gaude hara iristeko ilaran".
Osorik entzun dezakezue segidan:
Pasa den hilabetean, berriz, Zaila kanta soltea jarri zuen entzungai. Gainerako errepertorioa musikariaren Bandcamp atarian topatuko duzue.
Gorrototik eta nazkatik sorturiko egitasmoa da Ozki: "Ozki 2020ko udan hasi nuen. Musikarekin esperimentatu nahi nuen, jotzen 'ikasi'. Eskuartean nituen instrumentuak hartu eta abestiak sortzen hasi nintzen. Denborarekin, jotzeko eta grabatzeko teknika apur bat hobetu dut. Muturreko metala da nire erreferentzia, eta black metalarekin, death metalarekin, grindcorearekin... jolastu eta gero, doom, drone eta sludgearen bidea hartu dut. Etxeko estudioan grabatu dut guztia. Nihilismoa, negatibismoa, gizartearen ustelkeria... dira nire inspirazio iturriak".