Putrid Torso - Trails Of Hypnotized Human Veins

Muturreko metalaren ertz latzenetik sortu diren taldeen harrobi esanguratsua dugu gurean. Erreferenteak geldirik dauden bitartean, Putrid Torso bikote gipuzkoarrak hautsak harrotzea eta astintzea erabaki du. Duela bi hamarkada luze irudikatu zutena aurrera eraman dute Igor Sanchez eta Ion Santos musikariek. Gordintasunaren bidetik sekula aldendu ez baziren ere, Trails Of Hypnotized Human Veins diskoarekin erakutsi dute euren jatorrizko enborra.

Maketa batekin iragarri zuten zetorrena, hartu beharreko norabidea argitu gabe. Hori bai, agerian utzi zuten euren aspaldiko nahia zela brutal death metal basati eta teknikoa jorratzea. Prologue To Nowhere maketa hura aurrekari aproposa izan zen batzuen eta besteen interesa pizteko, eta baita iraupen luzeko lehen kolpea prestatzeko ere. Bikoteak ez zuen denbora galdu, eta hilabete gutxiren buruan askatu zuten diskoa.

Bortizkeriaren oihartzunak badirau, eta duela gutxi 40.000 entzunalditik gora lortu ditu diskoak Youtuben. Marka oso esanguratsua da halako doinuek duten hedapena lur azpikoa denean. Ordea, zaleak badira mundu zabalean, eta baita gurean ere, estilo makurra gustuko duten musikariekin batera. Cerebral Effusion, Forensick, Impure, Gory Delivery eta Carnivorous Voracity gisako taldeak dira horren eredu. Beraz, ulertzekoa da bikote gipuzkoarraren estreinakoak izandako harrera zitala.

Garagardo bat edo bi eskuan hartuta entzun beharrekoa da Trails Of Hypnotized Human Veins. Belarri finentzat zaila izango da, eta estiloarekin belarriak zorrozten dituztenentzako aparta. Bigarren klasekoa bazara, erreferentzia moduan Disawoved, Inveracity, Putridity, Dying Fetus eta Origin bandak aipatu dituzte. Aldiz, hasiera eta bukaera islatzen duten bi piezak dira aintzat hartzekoak: The Second Coming Of Negative Utopia eta Kowloon Resurgence. Letrak antikapitalismoari buruzkoak direla aurreratu zuen Igor abeslariak, eta irakurri nahi dituenak liburuxka hartu beharko du. Batez ere, nekez harrapatu daitezkeelako hamar entzunalditan.

Laukote bihurtu da bikotea zena, eta bateria jotzaile baten faltan –Krzysztof Kleimbeth animaliaren laguntza izan zuten diskorako– hurrengo lana prestatzen hasi dira. Etorkizun hurbilari gogor begiratzen diote.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Pathologically Explicit Recordings.

Abesti zerrenda:

01. The Second Coming of Negative Utopia
02. Maremagnum Cacotopia
03. The Chaotic And Pseudo-Slave Existence Of The Proletarian Turning To A Violent Revenge Against The Corporativist Businessman
04. Path To Avoid
05. Cataclysmic Decline
06. Undesirable Hypothetical Society
07. Devoid Morality
08. Kowloon Resurgence

Hurrengo kontzertuak