2025/12/09

Quaoar taldeak etenaren arrazoia musikatu du

Bilboko Quaoar bandak ezustean gelditu behar izan zuen ibilbidea, 2020ko abuztuan, auto istripu larri baten ondorioz. Gertaturikoa gogoratu dute: "Gidari mozkor batek bere ibilgailuaren kontrola galdu eta aurrez aurre jo zuen gutako batzuk gindoazen autoaren kontra. Segundo batzuez flotatzen utzi gintuen, bizitzaren eta heriotzaren arteko egoera mugagabe batean".

Hain zuzen ere, istripu horrekin du lotura zuzena boskotearen lan berriak: Five Friends Floating. Izen bera duen abestia estreinatu dute bigarren single gisa, eta jarraian entzun dezakezue:

Sei kanta izango ditu bizkaitarren laugarren diskoak. Beard Studios eta Tio Pete estudioetan grabatu dute Borja Muro, Javier Peña eta Jose Lastra soinu teknikariekin. Muro ekoizpenaz ere arduratu da. Azala, berriz, Pasquale Mattia Gelorini artistarena da.

01. Dreamers, dreaming
02. In my head
03. Irrelevance
04. Oblivion
05. Five friends floating
06. As above, so below (New house pt. 1)

In my head aurreneko singlea urrian estreinatu zuten:

Musikalki, utzitako lekura bueltatu dira. Rocka oinarri gisa hartuta, progresiboa, metal alternatiboa, hard rock klasikoa, eta stonerra zein grunge doinuak uztartzen dituzte.

Taula gainera 2026ko otsailaren 21ean itzuliko dira, Bilborock aretoan, bost musikari hauekin: Iñigo Lopez (ahotsa), Josu Palacios (gitarra), Hugo Landaluze (gitarra), Aitor Zorriketa (baxua) eta Bjorn Mendizabal (bateria).

Hurrengo kontzertuak