Rise To Fall - End Vs. Beginning

Suedia, Errusia, Ukraina edo Japonian jo izanak agerian utzi du Rise To Fall taldearen begirada. Sopelatik mundura egiteko proposamena landu dute denboran, eta beraien onena jaso dute End vs Beginning hirugarren diskoan. Nazioartera iritsi eta lekua egitea zaildu denean, orain arteko ahalegin helduena plazaratu zuten bizkaitarrek, iragan ekainean. Hilabete hainbat igaro ondoren, erronka berriak definitu dituzte. Txinan kontzertu bira egingo dute eta Europan ere ibiliko dira Nightrage taldearekin batera.

Muturrekoa eta modernoa batzeko egitasmoa heldutasunera eraman dute. In Flames bandaren itzala ezabatu, eta bide propioa egiten hasi dira. The Threshold aurrerapenarekin agerian utzi zuten beraien asmoa. Kantuen sorkuntza gehiago lantzearekin batera, ekoizpen profesionalaren alde egin dute. Jacob Jansen master maisuak egin dago lan bikainak mesede ederra egiten dio kantu bildumari.

Plastic Scene, Rise Without Drama (kolaborazio eta guzti), Parasites eta Murk Empire abestiek biltzen dute ñabarduren arteko talka. Ordea, Thunders of Emotions Beating da borobilena, mundu mailako metal taldeen ondoan lasai asko kokatu ahal dena. Gurean txiki sentitzen badira ere, hankak lurrean jarrita handitzeko aukera dutela sinetsi behar dute.

Inaxio Esnaola Aranzadi

Hurrengo kontzertuak