2024/02/29

Soa bandak sua piztu du

Mutrikuko Soa metal taldeak martxoan argitaratuko du Suari So lehendabiziko diskoa. Axular Arizmendirekin grabatu dute AME estudioan. Besteak beste, Kraussk, Hira, Didar, Muzak eta Hondar bandetan ibilitako edo dabiltzan bost musikarik osatzen dute.

Taldearen eta estreinako lanaren aurreneko abestia aurkeztu dute: Odolaren Hierarkia. Anjel Laguna Beleak (Aiumeen Basoa) musikariak parte hartu du.

Soa banda 2022an sortu zuten Mutrikuko Rock Kolektiboaren baitan. Taldekideetako batzuk aurretik abestiak lantzen hasita bazeuden ere, abeslari faltan aurrera egin ezinda ibili ziren. Dena dela, kantaria topatzean, abestiak borobildu, taula gainera igo eta diskoa prestatzeari ekin zioten. 2023ko abenduan grabatu zuten Suari So diskoa AME estudioan.

Musikari hauek osatzen dute boskotea: Ibon Aginaga Imaz (gitarra), Aitzol Collazo Mendizabal (bateria), Jon Joseba Azpiazu Pazos (gitarra), Aitor Sagarmendi Freire (baxua) eta Jagoba Idurri Urrutia Iturraspe (ahotsa).

Aldiz, honela aurkeztu dute beraien burua: "Mutriku aldetik datorren metal gordinaren enbatak Euskal Herriaren luze-zabalak astinduko ditu. Erruki gabe! Metala jorratzen dugu, betiere, estiloari etiketak jartzen hasi eta geure burua mugatu gabe. Metalaren barneko adar asko ukitzen ditugu gure abestietan. Entzulea metalzalea izan ala ez, gure hitzetan arreta jartzera gonbidatu nahi ditugu musikazaleak; behin hitzak irakurrita edo aurrean izanda, ez dago ez ulertzearen aitzakiarik. Musikaren antzera, hitz zorrotzak aurkituko dituzte arreta jartzen dutenek. Gizartean egunerokoan bizi ditugun bidegabekeriak aipatzen ditugu hitzetan, soa arlo ezberdinetan jarrita. Estilo mugak muga, Soako kideok argi dugu geure helburua: zuzenekoak eskainiz gozatzea eta ingurukoengan eragitea".

Hurrengo kontzertuak