2024/03/10

Soa taldeak 'Lerde Pozoia' bigarren abestia aurreratu du

Mutrikuko Soa metal bandak laster kaleratuko du Suari So estreinako diskoa. Dagoeneko bi abesti aurkeztu dituzte jorratzen duten musika gordina erakusteko. Era berean, kanten letrei garrantzia berbera eman diete.

Lerde Pozoia da bigarren aurrerapena. Jarraian entzun dezakezue, eta bideoan sakatuz gero letrak ere irakur ditzakezue:

Lana etxean grabatu dute, Mutrikuko AME estudioan Axular Arizmendiren gidaritzapean.

Odolaren Hierarkia izan zen lehen singlea, Anjel Laguna Beleak (Aiumeen Basoa) musikariaren kolaborazioarekin:

Soa banda 2022an sortu zuten Mutrikuko Rock Kolektiboaren baitan. Taldekideetako batzuk aurretik abestiak lantzen hasita bazeuden ere, abeslari faltan aurrera egin ezinda ibili ziren. Dena dela, kantaria topatzean, abestiak borobildu, taula gainera igo eta diskoa prestatzeari ekin zioten. 2023ko abenduan grabatu zuten Suari So diskoa AME estudioan.

Kraussk, Hira, Didar, Muzak eta Hondar bandetan ibilitako edo dabiltzan bost musikarik osatzen dute: Ibon Aginaga Imaz (gitarra), Aitzol Collazo Mendizabal (bateria), Jon Joseba Azpiazu Pazos (gitarra), Aitor Sagarmendi Freire (baxua) eta Jagoba Idurri Urrutia Iturraspe (ahotsa).

Aldiz, honela aurkeztu dute beraien burua: "Mutriku aldetik datorren metal gordinaren enbatak Euskal Herriaren luze-zabalak astinduko ditu. Erruki gabe! Metala jorratzen dugu, betiere, estiloari etiketak jartzen hasi eta geure burua mugatu gabe. Metalaren barneko adar asko ukitzen ditugu gure abestietan. Entzulea metalzalea izan ala ez, gure hitzetan arreta jartzera gonbidatu nahi ditugu musikazaleak; behin hitzak irakurrita edo aurrean izanda, ez dago ez ulertzearen aitzakiarik. Musikaren antzera, hitz zorrotzak aurkituko dituzte arreta jartzen dutenek. Gizartean egunerokoan bizi ditugun bidegabekeriak aipatzen ditugu hitzetan, soa arlo ezberdinetan jarrita. Estilo mugak muga, Soako kideok argi dugu geure helburua: zuzenekoak eskainiz gozatzea eta ingurukoengan eragitea".

Hurrengo kontzertuak