2024/04/07

Soa taldeak 'Suari So' diskoaren xehetasunak iragarri ditu

Mutrikuko Soa metal bandak apirilaren 9an sareratuko du Suari So estreinako diskoa. Ordutik aurrera entzun ahalko da plataforma digitaletan. Aldiz, beranduago kaleratuko dute formatu fisikoan.

Azala eta abesti zerrenda aurkeztu dituzte. Miren Freirek egindako margolana hartu dute oinarri gisa, eta Leire Sagarmendik egin du diseinua. Hamaika kantetatik bat Itoiz taldearen moldaketa bat da.

01. (I)hesi
02. Zapalduen matxinada
03. Paralisia
04. Lerde Pozoia
05. Ase Ezin
06. Enbata
07. Suari so
08. Gortuak
09. Odolaren hierarkia
10. Hitzen gotorlekua
11. Hilzori I (Itoiz taldearen bertsioa)

Horietatik bi abesti entzungai jarri dituzte:

Soa - Lerde Pozoia

Soa - Odolaren Hierarkia

Soa banda 2022an sortu zuten Mutrikuko Rock Kolektiboaren baitan. Taldekideetako batzuk aurretik abestiak lantzen hasita bazeuden ere, abeslari faltan aurrera egin ezinda ibili ziren. Dena dela, kantaria topatzean, abestiak borobildu, taula gainera igo eta diskoa prestatzeari ekin zioten. 2023ko abenduan grabatu zuten Suari So diskoa AME estudioan.

Kraussk, Hira, Didar, Muzak eta Hondar bandetan ibilitako edo dabiltzan bost musikarik osatzen dute: Ibon Aginaga Imaz (gitarra), Aitzol Collazo Mendizabal (bateria), Jon Joseba Azpiazu Pazos (gitarra), Aitor Sagarmendi Freire (baxua) eta Jagoba Idurri Urrutia Iturraspe (ahotsa).

Aldiz, honela aurkeztu dute beraien burua: "Mutriku aldetik datorren metal gordinaren enbatak Euskal Herriaren luze-zabalak astinduko ditu. Erruki gabe! Metala jorratzen dugu, betiere, estiloari etiketak jartzen hasi eta geure burua mugatu gabe. Metalaren barneko adar asko ukitzen ditugu gure abestietan. Entzulea metalzalea izan ala ez, gure hitzetan arreta jartzera gonbidatu nahi ditugu musikazaleak; behin hitzak irakurrita edo aurrean izanda, ez dago ez ulertzearen aitzakiarik. Musikaren antzera, hitz zorrotzak aurkituko dituzte arreta jartzen dutenek. Gizartean egunerokoan bizi ditugun bidegabekeriak aipatzen ditugu hitzetan, soa arlo ezberdinetan jarrita. Estilo mugak muga, Soako kideok argi dugu geure helburua: zuzenekoak eskainiz gozatzea eta ingurukoengan eragitea".

Hurrengo kontzertuak