
Infernuko bestelako hauspoak ere badira, muga jakinak birrintzen dituztenak. Donibane Lohizuneko Ztah deathcore taldeak zartada zehatz baten bidez argitaratu zuen Errea itzali arte hirugarren diskoa. Kolpez kolpe barneratzen den horietakoa da, entzunaldiekin lepoa zigortzen duena. Boskotea ez dago han, hemen baizik. Baita gurekin ere. Oier bateria jotzaile bortitzarekin hitz egin dugu, eta nahiko lauso aritu da.
Zalantza argitzeko unea da. Ztah nola irakurri eta ahoskatu behar da, 'ezta' ala 'zeta'?
Irakurtzen den moduan ahoskatu behar da. Alegia, (e)zta.
Errea itzali arte hirugarren diskoa irailean argitaratu zenuten. Orduko suak pizturik dirau hilabete batzuk pasatu diren arren?
Suak pizturik dirau, eta lan berria zuzenean defendatzeko gogotsu gaude. Oraingoz aukera gutxi izan ditugun arren, egoera aldatuko delakoan gaude.
Izenburuak berak hainbat interpretazio izan ditzake. Lehenik, nork piztu du sua?
Gizarte honek daraman abiadura frenetikoa izan daiteke horietako bat. Antsietatea, depresioa, autoestimu falta, burn-out egoerak eta abar, eguneroko ogi bilakatu dira azkenaldian. Bakoitzak jakinen du zerk pizten dion sua.
Bigarrenik, erretakoa itzaltzean zer gertatzen da?
Erretakoa itzaltzean hautsa da gelditzen den bakarra. Hauts hori ongarri bihurtu eta bizitza berri bat sortzeko aukera dago. Edo eta betirako ezerezean lurrari itsatsita gelditzekoa.
Sugarretan forma emandako hamar abesti ditu lanak, taldearen proposamen gordina fintzen dutenak. Boskote gisa kaleratu duzuen lan osoena da?
Posible da, bai. Iaz hamabost urte bete genituen, eta urteen poderioz biribiltzen doa taldea. Diska hau Gixerrek konposatu du ia bere osotasunean, eta sartu dituen gitarra gehigarriek kanta jantziagoak izatera garamatza.
Deathcore etiketa aukeratu duzue, muturreko metalaren beste aldagai batzuk ere nabari diren arren kantetan. Esaterako, groove metalaren esentzia. Musikalki, leku zehatz batean kokatzen zarete?
Ez, ez gira musikalki leku zehatz batean kokatzen. Metalaren barnean askotariko estiloak jorratzen ditugu. Deathcoretik dugu beharbada gehien, baina Egurrarkore etiketan kokatzen gira erosoen.
Aipaturiko Gixer eta Jon gitarristen ekarpena agerian geratzen da. Riff pisutsu bezain sendoen bilduma deigarria osatu dute. Diskoaren ezaugarri onetako bat dela uste duzue?
Bai, argi dago zortzi sokako gitarrek nortasun handia ematen diotela taldeari. Riff pisutsu eta sendoek taldearen izaera definitzen dute. Beraz, bai, lanaren ezaugarri nagusietako bat dira, zalantzarik gabe.
Kolaborazio ugari ditu diskoak, eta, batez ere, Odei Barrosorekin konpartitu duzuen Aurreiritziak da esanguratsuena. Denboran aurreratu bazenuten ere, diskoan ere luzitzen du, bestelako ñabardurak dituelako, ezta?
Odeik bere bakarkako lehen lan atera zuenean, asko gustatu zitzaigun. Bere hitz zorrotzekin identifikatuak sentitzen gira, eta kolaborazio bat egitea otu zitzaigun. Ez da lan erraza izan bi musika estiloak uztartzea, baina azken emaitzarekin oso pozik gaude. Aipatzekoak dira parte hartu duten beste bi kantariak: Bud (Infest) eta Pintxo (Empire Of Disease).
Iñakiren ahots zitalaz aparte, inoizko soinurik onena lortu du taldearentzat. Ados zaudete?
Bai, oso pozik gaude soinuarekin. Disko honetan Jiro, gure soinu teknikariaren laguntza izan du Iñakik. Bere materialarekin grabatu dugu eta bere jakintza guztia eskaini digu. Ondoren, Notos Productions arduratu da masterizazioaz. Guztien artean emaitza sendoa lortu dugu, profesionalagoa.
Musika makurretik, galdera makurragoetara. Euskara gisako hizkuntza bakartu eta minorizatu batek zazpi probintzia lotzen dituen arren, zuek “frantsesak” zarete. Ondorioz, kostata agertu ohi zarete Hego Euskal Herriko hedabideetan eta hegoaldeko biztanleen begietan zein belarrietan. Errealitate zaila, ezta?
A zer nolako galdera! Bidasoaren alde honetako talde gehienek Hego Euskal Herriko hedabide eta publikoaren begi eta belarrietara iristeko zailtasun handiak ditugu, zoritxarrez. Horri gehitu muturreko musika ekoizten dugula, eta ikusgarritasuna ia ezerezean gelditzen da. Betidanik euskaraz idatzi ditugu hitz guztiak, eta komunikazio guztia ere euskaraz egiten dugu, beste bi hizkuntzetara itzuli gabe. Beraz, argi dago frantsesak ez girela.
Frantziako hedabideetan, berriz, ikusgarritasun bera ala gutxiago duzue, euskaraz kantatzeagatik?
Frantziako hedabideetan ikusgarritasunik ia ez dugu. Euskal Herriko hedabideetan gutxi agertzen bagira, zaila da nazioarteko hedabideetan hori lortzea. Horra frantsesak ez girela frogatzen duen beste adibide bat!
Dena dela, lortu ahal duzue lan berria han eta hemen hedatzea?
Gutxi. Adibidez, oraingoz ez dugu disko berriaren kritikarik jaso. Egia da komunikazio guztia guk egiten dugula, ez dugula diskoetxerik. Horri gehitzen badizkiozu lehen komentatu ditugun gauza guztiak... Zaila da. Baina gogoz gaude, gure proiektuan sinisten dugu. Nahiz eta ez den inoiz gure helburua izan, aspaldi barneratu ginuen ez ginela inoiz rock star batzuk izanen!
Kontzertuei dagokienez, zer nolakoa da panorama zuentzat datak lortzeko?
Euskal Herrian dugun panorama jakina da. Makro jaialdiak ugaritu dira azkenaldian, eta modan dauden taldeek horu egun jarraian sold out batekin betetzen dituzte areto handiak eta futbol zelaiak. Geroz eta gaztetxe eta areto txiki gutxiago daude, ordea, eta jendeari kontzertu horietara hurbiltzea asko kostatzen zaio. Data batzuk lotzen goaz hala ere, eta bertan dena emateko eta gozatzeko prest gaude!
Galdera deseroso bat gorde dugu hondarrerako. Ipar Euskal Herriko metal talde askori Gojira arrakastatsuekin konparatzen zaituztete. Zaila da haien itzaletik kanpo kokatzea?
Ez dugu uste gure kasua denik, gutxi baitugu ikusteko Gojirarekin. Ez estiloan, ez mezuan, ez itxuran, ez hizkuntzan... ezertan. Beste liga batean jokatzen dute gainera, beraz ez dugu zailtasun berezirik sumatzen alde horretatik.
Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.
Argazkiak: Ztah.