
Galderari erantzuteko hamarkada luze bat behar izan dute. Egia da, bai, baina merezi izan du itxaronaldiak. Elorrioko Sugoi heavy metal talde beteranoak Reset iraupen luzeko bigarren diskoa argitaratu du. Berrabiarazi eta biziberritu egin dute proposamena zein laukotea. Baita euskarazko heavy metala ere.
Hamasei urte luze behar izan dituzte estreinako diskoari segida emateko. Ezin esan erabat geldirik egon direnik, baina bigarren urratsa plazaratzeko denbora asko inbertitu dute. Era berean, bidelagun eta behin-behineko musikari baten ezinbesteko laguntzari esker egin dute aurrera. Jandro Camuñas (Vhäldemar, Orion Child ohia) bateria jotzaileak hartu du Txema Quesadaren lekua. Gainerako hiru kideak dira Joseba Flores abeslaria, Mikel Quesada gitarrista eta Mikel Uribe baxu jotzailea.
Laukote egonkor baten emaitza da Reset diskoa. Hamar pieza ditu, guztiak forma bera dutenak: borobilak. Musikalki, berriz, heavy metal klasikoa eta power metala uztartu dituzte izaera propioago eta helduago bat lortzeko. Chromaticity Studios-etan lortu duten soinu profesionala ere oso lagungarria da.
Luxuzko gonbidatuak dituzte abestiak dira nabarmendu dituztenak, hala nola Aitor Gorosabel (Su Ta Gar) eta Pedro J. Monge (Vhäldemar) musikariena Itzalpean ereserkian, eta Carlos Escudero (Vhäldemar) abeslariarena Gaueko ahotsak ilunean. Euskaraz kantatu duen lehena izateko, ondo moldatu da. Bestalde, aipatzekoak dira Inguma esanguratsuena eta Galdurik nago, batez ere, hitzengatik.
Urteko diskoetako bat da, zalantzarik gabe, hasieratik bukaeraraino gozatzen den lan horietako bat delako. Euskal heavya oso bizirik dago.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. Inguma
02. Bihotz iluna
03. Itzalpean
04. Aurrerapenaren izenean
05. Galdurik nago
06. Oraindik ez
07. Reset
08. Egun bat gehiago
09. Gaueko ahotsak
10. Joandako egunak