The Great Wound - Voices Of Regret

2014 amaieran Darkness By Oath taldeak behin betiko agur esatea erabaki bazuen ere, Tristan Iñiguez gitarjoleak berehala ekin zion The Great Wound proiektu berriari. Urtebete eskaseko tartean abestiak osatu, grabatu eta plazaratu ditu, Ekaitz Garmendia bidelagun izanik. Urteetan zehar finduriko melodeath eta black metal emaria inoiz baino dimentsio heldu eta aberatsago batean gorpuztu da Voices of Regret estreinako lanean, konposaketa dinamiko eta inspiratuei esker.

Blast beat gupidagabeen erritmora, girotze epiko eta lazgarrietan murgiltzen gaituzte hasieratik. Nabari da xehetasunetan fokua jarriz eginiko lana dela, riff boteretsuen garbitasuna eta, oro har, abestien borobiltasuna honen erakusle. Ekaitzen ekarpena ere txalotzekoa da, ohiko solo zainduez gain, abeslari lanetan ere txukun aritu delako. Extinction egitasmo berrian harritu gintuen eta oraingoan ere ildo berberari eman dio segida, bere marru grabeak Tristanen konposaketekin modu ezin hobean bat eginez. Ahots garbiek eta orkestazioek ere badute tartea, intentsitate ezberdineko pasarteak adimenez tartekatu eta azken emaitza are gehiago aberasten dutenak. Halaber, kosmosa eta gizateriaren izatea erdigune dituzten hitzak egokiak dira sentimendu ilunak nagusi diren doinu mistikoak janzteko.

Bateria naturalek eta gitarren soinu organikoak kantak beste maila batera goratuko bazituzten ere, taldearen ekarpena estimatzekoa da oso, Euskal Herrian muturreko metalak duen maila gorenaren oroigarri gisa balio duelako. Etengabeko sormenari segida emanez gero, luzaroan gozatuko dugu euren maisutasuna.

Mikel Yarza

Hurrengo kontzertuak