
Gasteizko Vernita Grim talde bortitzak aurpegia ematea erabaki du. Laukotea duela urtebete elkartu zen, eta urtea bukatu aurretik kaleratuko dute lehendabiziko diskoa.
Hain zuzen ere, Biolentzia da aurreratu duten abestia. "Energiaz beteriko gorroto oihua da, eta jasaten ditugun biolentzia guztiei biolentziaz erantzuteko aldarria egiten du", adierazi dute.
Gilen Alcalderekin grabatu dute kanta, eta Bigsual Arts arduratu da jarraian ikus dezakezuen bideoklipaz.
Arabarren hitzetan, hardcorea, groove metala eta beatdown doinuak uztartzen dituzte: "Energiaz beteriko erritmo astunak, riff bortitzak, breakdown pisutsuak eta ahots gordinak dira gure ezaugarriak. Euskaraz idatzitako abestiekin kontzientzia soziala, errepresioa, inperialismoa, zurikeria edota poliziaren indarkeria gisako gaiak lantzen ditugu".
Aldiz, Vernita Grim bandako lau musikariak hauek dira: Omar (ahotsa), Javi (gitarra), Aitzol (baxua) eta Mikel (bateria).