
Hondoratu, birsortu eta azaleratu. Zuri-beltzetik suspertu dira When Evil Comes gasteiztarrak. Izena, izana eta musikariak aldatu arren, berrasmatzeko gaitasuna erakutsi dute. Reach the dawn bigarren diskoarekin mugarri bat ezarri dute haien ibilbide gorabeheratsuan. Ia hiru urte behar izan dute puzzlea osatzeko, baina martxoan itzalpetik argitara eman zutenak asko merezi du.
Laukote moduan egonkortuta, proposamena era harrigarrian irauli eta findu dute. Ahotsa soilik urratzetik, melodiak lehenestera pasatu dira. Metalcore estatubatuar estandarra alboratu, eta metal modernoari distira ateratzea erabaki dute. Horri esker, freskoa eta askoz ere aberatsagoa da emaitza. Gainera, sormen onari Sebastian Sendon soinu ingeniariaren esku ona gehitu behar zaio.
Zortzi abestiek dituzte izaera berriaren osagaiak, pasarte atseginak eta gordinak tartekatuz. 2024ko martxoan aurreratu zuten (No) Hope lehen singlea, eta urte bereko azaroan My fault bigarren aurrerapena. Biekin agerian utzi zuten zenbaterainokoa zen haustura. Deliverance izan zen hirugarren singlea, diskoko ederrena eta falta ziren beste piezen aurrekari aproposena. Esaterako, Eden abiapuntua eta No matter what argitsua.
Azken urteotako Euskal Herriko metalgintza modernoaren disko onena dela esan daiteke. Are gehiago, laukotearen hiri bereko Childrain desagertuek 2019an kaleratu zuen The Silver Ghost lan zoragarriaren oinordekoa da. Baliteke haien lekua era naturalean hartu izana, taldekide bat konpartitzeaz harago. Dena dela, beraien erronka beste bat da: agertokian kalitate bera berrestea.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. Eden
02. Deliverance
03. My fault
04. Everything that could be
05. No matter what
06. Reach the dawn
07. (No) Hope
08. The agony circus