2024/04/19

Zuldar bandak 'My Own Kingdom' singlea munduratu du

Sopelako Zuldar melodic death metal taldeak hileroko erritmoa ezarri zuen doinu berriak aurkezteko. Apirilekoa ere iritsi da, seigarren singlea: My Own Kingdom.

Iazko azarotik hona, pixkanaka eta aleka, hainbat kanta berri aurkeztu dituzte. Gainerakoak segidan entzun ditzakezue:

Zuldar - Beyond the Last Wall

Zuldar - My Soul Trembled

Zuldar - Awakening

Zuldar - Descent Into The Core

Zuldar - Alpha & Omega

Zuldar taldea 1996an sortu zen, eta bost gaztek eraman zuten aurrera: Urtzi Barceló Tanke gitarrista, Ugaitz Aguilar Mono gitarrista, Egoitz Gorbea Txibu bateria, Alain Gutierrez Dalay Tarda abeslaria eta Egoitz Urrutia Brutus baxu jotzailea. Ibilbide laburra izan zuten lehen etapa horretan. 2003an Zabalandi izeneko estreinako diskoa argitaratu zuten, eta 2004an lau abestiko lan labur bat sareratu zuten beraien MySpace atarian. Ordea, 2004. urtean bertan banandu ziren.

Gerora, Dalay Tardak Rise To Fall taldearekin bat egin zuen gaur egun arte, eta denbora batez Bioterror bandan aritu zen Monorekin batera. Tankek, berriz, Arduis bakarkako bidea abiatu zuen.

Bi hamarkada beranduago, 2023ko azaroan iragarri zuten itzulera. Gaur egun, abesti berriak plazaratzen ari dira, ziurrenik, iraupen luzeko bigarren disko batean bilduko dituztenak.

Hurrengo kontzertuak