2017/09/20

Euskal metalaren osasuna ona al da?

Horrelako galdera bat ez da falta izaten, normalean, metal talde bati egindako elkarrizketa batean. Ez da erraza egungo hedabide orokorren bidez musika estilo guztien edo gehienen osasunaren berri izatea. Estilo bakoitzaren jarraitzaile direnek gertutik jarraitzen dituzte taldeak, argitalpenak eta kontzertuak. Metalari dagokionez, publiko orokorrak, asko jota, Su Ta Gar taldeak duela gutxi Viktoria Eugenia Antzokia bete zuela irakurri edo entzungo zuen.

Ikusgarritasun ezetik harago, ondo legoke hasierako galderari erantzuna ematea. Euskarazko metalaren egungo egoerari dagokionez, senda-agiria emateko unea da. 2010etik hona ez dira talde asko sortu, batzuk bidean geratu dira, eta ibilbide luzea daramaten hainbatek egurrean segitzen dute. Bizirauten dutenak multzoka zein azpi-generotan daude sailkatuta.

Ankhar, Gabezia eta Hilotz berrienen artean daude. Elbereth erdibidean dago, eta beteranoak Anestesia, Eraso!, OST eta, noski, Su Ta Gar dira. Era berean, muturreko metala jorratzen duten bandak azpimarratu behar dira. Aiumen Basoa, Helde, Nakkiga, Numen eta Sentimen Beltza black metal taldeak underground mailan segitzen dute. Aipatu taldeen artetik lauren iritzia eta ikuspegia ezagutzea interesgarria iruditu zaigu.

Urolako thrash zirimola

Zestoako Ankhar taldeak era naturalean aukeratu zuen euskara thrash metala jorratzeko. 2012an sortu zen Human izenarekin, eta Etorkizunarekin jolasean lan laburra plazaratu zuen. Ondoren, izena aldatu eta Deshumanizazioa lehen diskoa argitaratu zuen iaz laukoteak. “Gurean sortzen diren metal talde askok ingelesez abestea aukeratzen dute. Guk euskaraz egitea erabaki genuen, euskaldunak garelako”, esan du Ibon Telleria gitarrista eta abeslariak.

Edozein dela hizkuntza, Euskal Herriko heavy metal eszena “harro” egoteko modukoa dela uste du. “Urtero lan asko argitaratzen dira, kontzertu asko daude astero, eta orokorrean, kalitate oneko bandak ditugu”. Hedabide orokorretan bertako taldeek duten oihartzuna apala dela dio Telleriak. “Zorionez badaude lan ona egiten duten hedabide berezituak”.

Eboluzioa bidaide

Lasarte-Oriako Gabezia bandak metal berritzaile zein modernoa du bidaide. Horrela abiatu ziren 2012an, eta urteekin batera proposamena fintzen ari dira. Gizakia etsai maketa atera zuten 2013an, Bilanx lehen disko interesgarria 2014an eta Orain hiru abestiko EPa 2015ean. Une honetan bigarren diskoa prestatzen ari dira.

“Metala berez gutxiengoan dagoen estiloa da, eta euskara gutxiengoan dagoen hizkuntza izanik, normala da gizartean pisu gutxi izatea”, dio David Carcedo abeslariak. Horrela ere, euskara bereizgarria dela uste du: “Hain zuzen ere euskarazko metala hain berezi egiten duena da; gure altxorra”. Eszenaren osasunari dagokionez, talde berri gutxi dagoela iruditzen zaio Carcedori.

Baina belaunaldi berriak “indar ikaragarriarekin” iristen ari direla azpimarratu du. “Esaterako, Gorlizeko Late To Scream bandak sekulako aurrerapausoa eman du aurten. Bestalde, Euskal Herritik ateratako talde esanguratsuak ere badira: Rise To Fall, Dawn Of The Maya eta Gojira”. Muturreko musikak hedabide orokorretan lekurik ez duela uste du Carcedok, eta hori gutxi balitz, agertzen denean “klixeez beteriko” elkarrizketak izaten direla dio.

Muturreko hirukoa

Gipuzkoako txoko ezberdinetako musikariek osatzen dute Hilotz thrash/death metal taldea. 2010ean Lasarte-Orian sortu arren, Tolosa eta Donostiako kideak ere ditu. 2012an Hil ala bizi maketa aurkeztu zuten, eta iaz Giza ankerkeria lehendabiziko disko kontzeptuala. Hiruko moduan gogotsu dabiltza erronka berriei begira.

Euskal Herriko metal eszenari begira jarrita, proposamen kopurua ez zaie sekulakoa iruditzen, baina “aniztasuna” dagoela nabarmendu dute Mikel Yarza baxu zein abeslariak eta Etxahun Urkizu bateria jotzaileak. “Euskara eta Euskal Herria dauden bitartean, euskarazko metala izango dugu”. Hirukoak ere modu naturalean erabaki zuen euskaraz abestea.

Hedapenarekin, berriz, kritikoak dira. “Salbuespenekin, eskasa eta bazterrekoa da”, diote bi musikariek. 90eko hamarkadaren ondoren sorturiko taldeei kasu gutxiago egiten zaiela uste dute. “Musika komertzialaren mesedetan geratu dira hedabide orokorrak”.

Koadrila sendoa

Legazpiko Elbereth banda ezberdina da aurreko hiruekin alderatuta. 2006an sortu eta heavy metal klasikoa jorratzeari ekin zioten. Ordea, diskotik diskora muturreko metalerantz egin dute izaera heavya galdu gabe. Egun arte, lau disko argitaratu dituzte: Gaueko ilargia (2007), Arimak pizturik dirau (2009), Itzalitako izarren lurraldea (2012) eta Karma (2017).

Gaztelaniaz abesten hasi ziren, eta taldekide aldaketen ondoren erabaki zuten hizkuntza aldatzea. “Abestien letrak egiten zituenak banda utzi, eta bateria jotzailea arduratu zen ordutik aurrera. Hitzak euskaraz ateratzen zitzaizkion”, azaldu du Aritz Legorburu baxu jotzaileak.

Ez dira gure metal eszenako beteranoenak, baina eskarmentua pilatu dute hasi zirenetik. Atzera begiratu, eta egungoarekin alderatuta “maila ikaragarria” dagoela uste du Legorburuk. Nolanahi ere, hedabide orokorren babes falta dagoela uste du. “Halere, berezituek hutsune hori betetzen saiatzen dira”.

Ez dira bakarrak

Metala euskaraz jorratzen duten lau talde horiekin batera, gehiago ere badira, noski. Hona hemen, eszenaren parte diren gainerako talde euskaldunen zerrenda: Aker Odol, Etorkizun Beltza, Bullets Of Misery, Dama, Debon, Disaster Now, Donge, Hibakusha, Hilkar, Hotzikara, Kartzarot, Katez, Khous, Korumba, Kraussk, Kudai, Niketz, Ostots, Sorgerth eta Ztah.

Hurrengo kontzertuak