Gojira - Fortitude

Dolua eta trantsizio garaia atzean utzi ditu Gojira taldeak. Urtetan erakutsitako izaeraren ertz guztiak jaso dituzte Fortitude zazpigarren diskoan. Eraiki duten gotorlekua babesteko esperientzia du laukoteak. Sendoa da, eta ez du pitzadurarik. Beraiek eraiki dute harriz harri, riffez riff. Esperimentazioa da gotorlekuaren oinarria, noski. Dena dela, lan berria ez da euren ibilbidean sorturiko zatiekin osatu. Atzera begira jarri dira, baina, batez ere, etorkizunean dute begirada.

Lapurditik mundura egindako bidean izaera propioa marraztu eta landu dute. Gaur egun, Baiona eta New York hirien artean egonkortu dira. Joe eta Mario Duplantier, Christian Andreu eta Jean-Michel Labadie musikariek Landetan dute estudio zein laborategi estimatua, eta leku hori da laukotearen musikagintzari forma eman diona. Ordea, Duplantier anaiek bigarren estudio bat ireki zuten New Yorken, eta azken bi diskoen testigu izan da, hein batean. Magma ulertu ez zutenek, harrera hobea egingo diote Fortitude lanari.

Txikitik handira egiteko osagaiak ez dira aldatu. Death eta groove metal doinuak pasarte progresibo, esperimental zein tribalekin nahasi dituzte hasieratik. Primitiboagoak ziren Godzilla izatetik Gojira izatera pasa zirenean. Lehen erreferentzien ekoizpena ez da horren borobila, baina bai proposamena. Gordintasun hura mantendu dute diskografiak aurrera egin ahala. Halere, azken hamarkadan gordintasuna melodiarekin orekatu dute.

Gotorlekuan barneratzeko komeni da lapurtarren ibilbidea ezagutzea. Lehen entzunaldian ulertuko ez diren saiakerak ditu, eta ez dira ulertuko laukotearen aldarte batzuk soilik gustuko badira. Gainerakoan, atea zabalik topatuko du entzule orok, eta barruan askotariko eskaintza. Born For One Thing, Another World, Hold On eta Into the Storm piezekin gehienak pozik egongo dira. Baita ere, batzuek berrikuntza gisa azpimarratu dituzten pasarte tribalekin. Laukotearen diskografia errepasatzearekin nahikoa da konturatzeko ez dela kontu berria.

Herrialde indigenekiko elkartasuna eta ingurumenaren defentsa da berretsi dutena. Joe Duplantierrek eginiko azala eta Amazonia abestia dira horren erakusle, besteak beste. Hain zuzen, kantu horren irabaziak Articulação dos Povos Indígenas do Brasil (APIB) erakundeari emango dizkiote. Amazoniako tribu indigenen ingurumen zein kultura eskubideen aldeko lana egiten dute. Musikagintza ez ezik, beraien jarrera ere eredugarria da.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Roadrunner Records.

Abesti zerrenda:

01. Born For One Thing
02. Amazonia
03. Another World
04. Hold On
05. New Found
06. Fortitude
07. The Chant
08. Sphinx
09. Into The Storm
10. The Trails
11. Grind

Hurrengo kontzertuak