Bilboko Anarko groove metal banda taula gainera itzuliko da kontzertu bakar bat emateko. Ekainaren 7an izango da Bilboko Kafe Antzokian. Elkartu zireneko 25. urteurrena ospatzea dute helburu.
Ondorengo boskotearekin ariko dira zuzenean: Carlos Basuras (ahotsa), Iker Eskurza (gitarra), Jose Luis Arbide (gitarra), Edu Martinez (bateria) eta Pepe Bombs (baxua). Kide guztiak orijinalak dira Eduardo Lopez Pinky (Rat-Zinger) baxu jotzailearen salbuespenarekin. Haren lekua aipaturikoak beteko du.
1996an sortu zen Anarko taldea, eta estudioko hiru disko argitaratu zituzten Mil a Gritos Records diskoetxe desagertuarekin: Anarko (1997), Degeneración X (2000) eta La Marcha de los Muñecos Egocéntricos (2001). Lan horietan new metal thrash doinuak jorratu zituztela diote. Egia esan, metal garaikide eta modernoaren hainbat aldarte probatu zituzten, groove metaletik metal industrialera bitarte. Garaiko talde esanguratsuenekin aritu ziren zuzenean: Soziedad Alkoholika, Koma, Anestesia, Beer Mosh eta Hamlet, besteak beste. 2008an banandu ziren, eta orduko bi kidek, Podri abeslariak eta Pinky baxu jotzaileak, Rat-Zinger sortu zuten. Bi horiek ez dute parte hartuko urteurreneko ospakizunean.