2020/05/16

"Euskal Herriko historiari buruz hitz egiten hasi ginen gaur egungo egoera ulertzeko"

Zorrotzako Conflict Noise taldeak 20 urte bete zituen iaz. Hasieratik death metala eta euskara uztartu zituzten, eta erabaki horri eutsi diote urteen joan etorrian. Era berean, musikalki zein letra aldetik gogorrera egin zuten boskotea finkatu zutenetik. Urteurrena behar bezala ospatzeko, Agur eta Ohore laugarren diskoa argitaratu zuten pasa den urteko irailean. Hilabete beranduago aurkeztu zuten zuzenean Zorrotzako gaztetxean, non bestela? Ortzi gitarra jotzailearen hitz egin dugu.

Bi hamarkada betetzea esanguratsua da. Nola lortu duzue irautea?

Gure helburua beti ondo pasatzea izan da,  egiten dugunarekin gozatzea helburu handirik gabe. Gure artean ere sekulako harreman ona dugu. Irauteko arrazoi nagusiak bi osagai horiek direla uste dut. Hainbeste urtetan jotzen aritu eta gero talde asko ikusi ditugu, eta askok ez dute irauten esperotako emaitzak lortzen ez dituztelako. Gure kasuan, taldea sortu zenetik, jarritako helburuak lortu ditugu: jotzea eta diskoren bat grabatzea. Argi dago ahalik eta entzule gehiagorengana iritsi nahi dugula, eta hori ere lortzen ari gara.

Esan bezala, gure arteko harreman onak ere eragina du. Guztion ideiak errespetatzen dira eta gure iritzi guztiei garrantzia ematen zaie. Kontzertuak ematera irtetzen garenean, lagunen arteko irteera bat bezalakoa da, ondo pasatzeko aukera. Aspaldi ez dagoela aldaketarik taldeko kideen artean. Ibilbide erdia baino gehiago daramagu partaide berekin, eta familia baten modukoa garela esan daiteke.

Adinarekin bizitzak erantzukizun asko dakartza; familia, lana, hipoteka, … eta musikari askorengan eragina izaten du taldea uzteko, eta betebehar horietaz arduratu ahal izateko. Gure kasuan, ardura horiek eta betebehar horiek guztiak ez dute lortu gu etsitzea, eta nahiz eta denboraldi batzuk beste batzuk baino oparoagoak izan aurrera jarraitu dugu geldiunerik gabe.

Gogoan duzue 1999an Bilboko Zorrotza auzoan sorturiko banda hura?

Conflict Noise bi taldetako kide hainbatek sortu genuen. Bi talde horietako musikari batzuek argi genuen metal bortitza jorratu nahi genuela. Garai hartan Su Ta Gar bandaren euskarazko heavy metala eta bere letra aldarrikatzaileek eragin handia izan zuten, eta heavya euskaraz lantzen zuten talde ugari agertu ziren. Gugan eragina izan zuten, baina gure kasuan punk musika entzutetik gentozenez metal bortitzago bat euskaraz lantzeko beharra sentitu genuen. Su Ta Garrekin gertatu bezala, muturreko metalean ez zegoen euskaraz abesten zuen talderik. Hutsune hori bete behar zela pentsatu genuen.

Garai hartako Conflict Noiseko partaideak punk zaleak ginen. Punk abestietan pentsatzen zutena zuzenean botatzen zutelako. Alegoriarik gabe, eufemismorik gabe. Musika bortitza eta zuzena zen. Denborarekin oraindik musika gogorrago bat zegoela deskubritu genuenean gutariko askok musika hori egin nahi genuela erabaki genuen. Thrash, hardcore, death, brutal death,… mundu berri bat ireki zen gure aurrean. Deskubritu genuen metala ez zela soilik heavya. Gure hasierako musika letren aldetik, bazuen garai hartan entzuten genuenaren eragina. Letra aldarrikatzaileak, kritika soziala, … denborarekin abestien gaiak aldatuz joan izan diren arren.

Zorrotzako gaztetxea presente duzue hasieratik. Han aurkeztu dituzue zuen kantu berri gehienak, eta baita azken diskoa ere. Zer nolako garrantzia du zuentzat leku horrek?

Zorrotza da gure auzoa, nahiz eta gaur egun taldeko guztiak bertan ez bizi. Zorrotzako gaztetxearekin oso harreman estua izan dugu betidanik, eta mantentzen dugu. Horregatik diska berri bat grabatu dugun bakoitzean aurkezpena bertan egiten saiatu gara beti. Diska berria lehenengo aldiz etxekoei eskaintzea garrantzitsua iruditzen zaigu.

Zorrotzako gaztetxetik milaka talde pasa dira eta kontzertu onak egon dira. Bilbon kontzertuetarako areto autogestionatuen artean erreferente bat izan da, eta areto komertzialen zirkuitoaren mailara ere heldu da. Horrek sekulako garrantzia du. Zorrotza bezalako auzo batean eta baliabide gutxirekin halako zerbait lortzea ikaragarria da, eta harro egoteko modukoa. Beraz, ume txiki batek eskulan bat egin eta gero, lehenengoz bere guraso eta etxekoei erakusten dien moduan, geuk gure lan berriak auzokoei erakutsi nahi dizkiegu. Gaztetxea gure etxean jotzea da.

Death metala euskaraz jorratzen aurrenekoetakoak izan zineten, eta belaunaldiko bakarrenetakoak. Gainerakoek ingelesa eta gaztelania aukeratu zuten. Aurrerago esan bezala, zuek ez.

Euskaraz abesten zuten hainbat talderen eragina genuen, baina ikusten genuen death metalean hutsune bat zegoela. Euskara hainbat musika estilotara heldu zen, baina ez death metalera eta hori aldatu behar zela pentsatu genuen. Gainera, gure abestien gaiak hain aldarrikatzaileak zirenez eta Euskal Herriko errealitateari buruzko hainbeste gai ukitzen genituenez, ez zuen zentzu handirik ingelesez edo gaztelaniaz abestea. Egia da horrek ez digula asko lagundu gure musika zabaltzen, batez ere, death metala jorratzeagatik. Ordea, gure asmoa ez zen soilik jende askorengana iristea, baizik eta ondo pasatzea egiten genuenarekin.

Askok zuzenean ikusi ondoren esaten ziguten sekulako kontzertua eman genuela, eta pena bat zela gaztelaniaz edo ingelesez ez abestea, entzule gehiagorengana iristeko. Hala ere, euskaraz abesten jarraitu dugu beti, nahiz eta kritikak ere jaso horregatik.

Maketa Bilboko DDT Banaketak dendan topatu nuen, azalean ageri den deabrua begira geratu zitzaidalako. Grabazio hura garrantzitsua izan zen zuen ibilbidearen hasieran?

Bai, oso garrantzitsua izan zen. Baliabide gutxirekin grabatu genuen Tala estudioetan, asteburu batean. Ilusio eta gogo handiz mugitu genuen lan hori. Oso gazteak ginen eta izena eman genuen lehiaketa askotan. Tabernetan, gaztetxetan, kontzertu aretoetan eta herriko jaietan jotzen genuen. Guretzat hori bakarrik jada bazen sekulako lorpena. Ez genuen gehiago behar. Ondorioz, maila lokalean ospe pixka bat lortu genuen.

Musikalki garai hartan death, thrash eta hardcore doinuak nahasten genituen. Baten batek esan izan digu taldearen izena aldatu genezakeela izandako aldaketengatik, bai musikari eta taldekideei dagokienez. Ordea, Conflict Noise izaten jarraitu nahi genuen. Gure bilakaera ikustea ere polita da.

Euskal Herriko diskoetxe orokorrek metala aintzat hartzen zuten garaia ezagutu zenuten. Horri esker Uhinak lehen diskoa Oihuka diskoetxearekin argitaratu zenuten. Nola lortu zenuten?

Garai hartan diskoetxeak krisialdiaren atarian zeuden. Interneten bidez musika deskargatzen hasi zen jendea, eta diskoetxeen gainbehera etorri zen. Oihukaren zerbitzua kontratatu genuen, banaketa, promozioa eta abar. Beraiek ez zuten ezer galtzeko.

Eta promozioarekin zein banaketarekin gustura geratu zineten?

Baliagarria izan zen esperientzia, baina erakutsi zigun gure musika mota banatzeko horrelako diskoetxe bat ez zela aukerarik onena. Gaur egun lan hori egiteko ez dira beharrezkoak. Internetek eta teknologia berriek musika taldeei ekarri dien gauza on bat da hori. Musika edonorengana helarazi daiteke arazorik gabe.

Arima Galduak bigarren diskoa, berriz, Musikherria copyleft zigilupean plazaratu zenuten. Beste eredu baten alde egin zenuten.

Lan garrantzitsua da guretzat. Esan daiteke disko horrekin hasi ginela argi izaten egin nahi genuena. Mikel Kazalisen estudioan [Fidelenea] grabatu genuen, eta alde horretatik aurrerapauso bat izan zen. Lan horretako letra askoren gaiak historikoak izaten hasi ziren. Euskal Herriko gudak eta gertakari bortitzak aipatzen genituen. Disko horretatik aurrerako letra zein gai gehienak historikoak izango ziren. Aurretik, gatazka sozialak izan genituen oinarri. Euskal Herriko historiari buruz hitz egiten hasi ginen gaur egungo egoera ulertzeko. Orain arte.

Oihukarekin izandako esperientziaren ondoren, Musikherria egitasmoaren berri izan genuen. Gustatu zitzaigun eta beraiekin bat egitea erabaki genuen. Musika munduan dauden bitartekari asko kendu eta taldeak elkarri lagunduz funtzionatzen zuen.

Hurrengo urteetan taldeak hainbat aldaketa izan zituen, eta banda egonkortzeko denbora behar izan zenuten. Horrek zuen erritmoa mantsotu zuen?

Zerbait bai, baina ez horrenbeste. Adibidez, Asierrek arrazoi pertsonalengatik taldea utzi behar zuenean, ez zuen une horretan bertan utzi. Gitarra berri bat topatzeko nahikoa denbora izan genuen, berak guztiz utzi arte. Taldearen martxa gehien mantsotu duena bakoitzaren bizitza dela esango nuke. Era berean, ez dugu inoiz presarik izan. Askotan dataren bat jarri izan dugu disko berri baterako, baina data hurbildu ahala ez bagenuen argi ikusten atzeratzeko arazorik ez genuen. Gure helburua ez da ahalik eta lan gehien kaleratzea, lan hobeak plazaratzea baizik.

Aldaketa adierazgarriena abeslariarena izan zen. Sendoaren lekua Alvaro Gorilok (Kontra ohia) hartu zuen. Gutural gordinagoa eta sakonagoa du. Hondamendi Nuklearra hirugarren diskoa da berarekin grabatu zenuten lehena. Zuen proposamena bortitzagoa bihurtu zela uste duzue?

Diego gitarrak (Waldheim ohia) eta Gorilo abeslariak eragin handia izan dute taldearen gaur egungo proposamenean. Hondamendi Nuklearra Diegoren lehen grabazioa izan zen. Soinua ilunagoa da bai, eta teknika aldetik landuagoa. Aldaketa hauek eta urtetan pilaturiko esperientziak sekulako aurrerapausoa suposatu zuten taldearentzat. Esan daiteke disko honetan Arima Galduak lanarekin hartu nahi genuen norabidea guztiz hartzea lortu genuela. Orduan ezarri genuen taldearen behin betiko izaera.

Lozorrotik esnatu bezala, berriz ere lokartu zineten lan hori argitaratuta. Kontzertuak noizbehinka ematen jarraitu arren, bigarren etenaldi bat izan zuen bandak?

Hondamendi Nuklearra duela zazpi urte baino gehiago atera genuen, eta gure seme-alaba batzuen adinek bat egiten dute horrekin (barreak). Hozkailua ez dugu betetzen Conflict Noisekin, eta geure bizitza pertsonala zein familiarra taldearekin uztartzea ez da erraza izan batzuetan. Dena dela, hemen jarraitzen dugu.

Urteurrena behar bezala ospatzeko azaleratu zineten itzaletik. Pasa den urtean izan zen hori, eta Agur eta Ohore laugarren diskoa plazaratu irailean. Denbora eskaini zenioten kontzeptuala den lanari?

Lan berria grabatzeko asmoa aspalditik zetorren, baina ez genuen azken erabakia hartzen. Beti zegoen abesti berriren bat, edo aldaketa txikiren bat, edo konponketaren bat egiteko. Lan bereziagoa eta landuagoa izatea nahi genuenez, grabazioaren data etengabe atzeratzen genuen.

Euskal Herriko historian izandako gerrak dira abestien oinarriak. Muturreko metalak maiz jorratu izan du tematika belikoa.

Esan bezala, gai historiko zein belikoei buruzko abestiak egin izan ditugu ia disko guztietan. Arima Galduak izan zen abiapuntua gaia sakonago lantzeko. Taldea finkotu genuen eta ideiak argiago genituen. Hondamendi Nuklearra diskoaren ostean, bidea zehaztuta genuen. Horrela, Agur eta Ohore bilakaera horren bukaera dela.

Euskal Herriko historiako epe zabal bat hartzen dute laneko abestiek, Erdi Arotik Espainiako Gerrara: banderizoak, Nafarroako Erresuma, inkisizioa, karlistadak eta Espainiako guda. Esaterako, Hilotzen Itsasoa kantua bigarren karlistadan Muskizen izandako batailari buruzkoa da. Egunak borrokan eman eta gero, milaka hilotz geratu ziren landan. Kardenala, berriz, inkisizioa du hizpide. Bestalde, abesti askoren gaia gaur egungo egoerarekin lotu daiteke. Gerra Negozio Bat Da kantuan, adibidez, bandoen arteko borrokei buruz hitz egiten da, eta bertan adierazten den gerran oinarritutako negozioa gaur egun eta historian zehar horrela izan da, negozio hutsa. Burdinezko Gerrikoa kantuak Bilbo bando nazionaletik babesteko egindako trintxera eta harresiak ditu hizpide. Ildo berekoa da Heriotza Intxortetan, bando nazionalak intxortetatik sartu zirenean Bilbo hartuz.

Bitxikeria gisara, Arima Galduak abestia birgrabatu zenuten. Zergatik?

Hondamendi Nuklerra diskoan ere bi abesti berreskuratu genituen; Sorginen Ehiza eta Martxoak Hiru. Lan berriz, berriz, Arima Galduak birgrabatu dugu. Abesti horiek gustuko genituelako eta errepertorioan mantentzen ditugulako berritu diegu soinua. Jotzeko modu berriarekin entzun ahal izateko. Gainera, kantu horien gaiak ere historikoak direnez, aproposa iruditu zitzaigun. Hain zuzen, Arima Galduak abestiak bide bazterretan lurperatutako Espainiako Gerrako erailei buruzkoa da.

Grabazioak aipatuta, hainbat estudio probatu dituzue zuen ibilbidean. Maketa eta lehen diskoa Urdulizko Tio Peten grabatu zenituzten. Zarauzko Fidelenean bigarren diskoa, eta azken bi lanak Bizkaiko Chromaticity Studios-etan. Esperientzia bakoitzak zein ekarpen egin dio taldearen soinuari?

Maketa eta lehen diskoa Bermeoko Tala estudioetan grabatu genuen, esan bezala, baliabide gutxirekin. Aurrekontua ere mugatua zen, eta gure lehen esperientzia estudio batean. Aldiz, Fidelenean, Mikel Anestesiarekin grabatu genuen eta esperientzia ona izan zen guretzat. Azken bi diskoak Chromaticityn grabatu ditugu, eta oso pozik gaude lorturikoarekin. Alde batetik, lokaletik eta etxetik hurbil dugulako. Baina, batez ere, Pedro J. Mongeren laguntza izugarri baikorra izan delako. Bai guretzat eta taldearentzat, eta noski, diskoaren azken emaitzarentzat. Ekoizpen lanetan asko lagundu digu, eta aholku oso onak eman dizkigu. Hori oso aberasgarria izan da guretzat, eta horregatik errepikatu genuen grabazioa.

Estudioko azken diskoari dagokionez, zer nolako harrera izan duela uste duzue?

Nabaritu duguna da orain arte harrerarik onena izan duen diskoa dela. Hainbat lekutatik deitu digite jotzeko, nahiz eta bizi dugun egoerarengatik aukera guztiak bertan behera geratu diren. Asko lagundu digu bideoklipak eta sare sozialetan egindako lanak. Orain arte, sare sozialak ahaztuta izan ditugu, eta ezinbestekoa da ezagutzera emateko sareak ondo erabiltzea.

Heriotza Intxortetan kantuaren bideoklipa Warbanner-eko Adolfok egin zigun, baita ere diskoaren diseinua. Berak ere oso aholku onak eman dizkigu diskoaren promoziorako. Bideoaren aurrerapena noiz atera, noiz eta nola iragarri diskoa aterako dela, bideoklipa noiz sareratu, … Adolforen lanak ere bere aztarna utzi du gugan, eta esan genezake taldearen parte bat ere badela.

Zuzenean oraindik nahi beste aurkezteko aukerarik ez duzue izan. Gaur egun bizi dugun egoera lasaitzean kontzertuak emateko asmoa duzue?

Programatuta genituen kontzertu gehienak alarma egoera ezarri zenean ematekoak ziren, eta normala denez gero bertan behera geratu dira. Hurrengo hilabeteetan baditugu data batzuk, baina ez dago oso argi zer gertatuko den. Aste Nagusian txosnetan jotzekoak ginen, eta Dimetal jaialdiaren kartelean gaude. Udazkenari begira beste kontzertu batzuk ditugu zehazteko.

Beste hogei urte death metala euskaraz jorratzeko prest?

Gure asmoa momentuz jarraitzea da. Inori ez zaio burutik pasa taldea uztea, eta horrela jarraituz gero iritsiko gara benetako old school metala egitera (barreak).

Inaxio Esnaola Aranzadi

Hurrengo kontzertuak