2022/01/04

"Ez gara serioago jarri, benetan, betikoak gara, baina lan handia egin dugu disko honetan"

Euskal Herriko egungo folk metal taldeak esku bakarrarekin zenbatu daitezke, eta horietako bat da Donostiako Biersbreaker banda. Hamar urteko ibilbidea beteta eta aldaketak aldaketa, boskote gisa iritsi dira gaur egunera. Artisauak izan dira betidanik, eta su motelean egosi dute dena beraien kabuz. The Power of the Hammer iraupen luzeko bigarren diskoa ere beraiek autoekoiztu dute, eta iaz plazaratu zuten. Oraingoan, mailua altxatzea erabaki dute gustura daudelako lorturiko emaitzarekin. Xabier Ramos gitarristarekin solasteko aukera izan dugu.

The Power of the Hammer bigarren diskoa argitaratzeak zer nolako garrantzia du zuentzat?

Guretzat, diskoa egitea askapena izan da, asko kostatzen zaigulako. 2020an kaleratzeko sekulako gogoa genuen, baina pandemia garaiagatik atzeratu behar izan dugu.

Hiru urte luzeko prozesu baten emaitza dela esan daiteke. Izan ere, 2018an hasi zineten grabatzen, ezta?

Halaxe da. 2018an hasi ginen grabaketarekin eta bateriak grabatu berri genituenean gure aurreko bateriak taldea utzi zuen. Diska grabatzen jarraitu genuen, baina, aldi berean, bateria berri baten bila genbiltzan. 2019an Iosu Bizargorri aurkitu genuen eta aurreko bateriaren lana berriz grabatzea erabaki zuen berea egiteko diskoa. Hori dela eta, grabaketa denboran luzatzen hasi zen. Horrez gain, grabatuta geneuzkan zatiak berrikusi eta berriro grabatu genituen.

Denbora horretan aldaketak izan zenituzten taldean, eta mundua bera ere aldatu da pandemia baten ondorioz. Garai nahasia eta zaila pasa behar izan duzue?

Bai, garai zaila izan da talde bat aurrera eramateko. Konfinamenduan online entseatzen saiatu ginen, eta oso zaila izan zenez, azkenean alde batera utzi genuen. Orduan, sare sozialen eta Interneten mundua lantzea erabaki genuen, dena online bidezkoa bihurtu baitzen. Dena den, eta oso egoera txarra izan den arren, esan behar dugu ondo etorri zaigula sare sozialen erabilerari dagokionez eguneratzea.

Hasierako kideetatik gaur egungo boskotea osatu arte, zeintzuk izan dira joan-etorriak?

Juan Txono gitarrista izan zen taldea utzi zuen lehena, 2014an gutxi gorabehera. Denbora asko ibili ginen gitarrista bakar batekin, 2016ra arte, Gonzalo sartu zen arte. Gero, 2017an, Kirnaan abeslaria Madrilera joan zen bizitzera, eta ia aldi berean Mikel sartu zen ahotsaz arduratzeko. Eta, azkenik, Josuk 2018an utzi zuen taldea eta urtebete baino gehiago behar izan genuen beste bat topatzeko; aipaturiko Iosu Bizargorri.

Hiverlanden aritutako beste bi kiderekin abiatu zenuen abentura hau beste hainbat taldetan ibili ostean (Killwolf, Dark Avenue, Dawnmaster ...). Zerk bultzatu zintuen bide berri hau hartzera?

Egia esan, Hiverland taldean ibilitako lau elkartu ginen. Unai, Josu, Juan eta laurok. Gutako bakoitzari metal musikaren hainbat estilo gustatzen zitzaizkigun eta pailazoarena egiteko gogo handia geneukan. Beraz, folk metal estiloa aukeratu genuen guztion gustukoa zelako, eta, batez ere, guk nahi genuen jai girokoa zelako.

Hamarkada beteta, Biersbreaker taldea egonkortu duzuela uste duzue?

Ez, musika talde batean ez dago ezer egonkorrik inoiz (barreak). Egia esan, bakoitzaren zeregina onartu dugu eta argi daukagu zer egin nahi dugun, gutxienez momentu honetan. Gero gerokoak eta ikusiko dugu zer egingo dugun. Biersbreaker taldean ez daukagu mugarik eta nahi duguna egiten dugu beti. Argi eta garbi daukagu hau ondo pasatzeko egiten dugula.

Lan berriari dagokionez, gustura zaudete emaitzarekin?

Buelta asko eman ondoren, gustura gelditu gara. Bateriak berregiten ari ginen bitartean, denbora izan genuen grabatutakoa entzuteko mila aldiz, eta era horretan, gauzatxo bat aldatu genuen hemen, beste bat han, den-dena ukitu arte. Beraz, denbora hartu dugu lan bikaina argitaratzeko, eta horixe lortu dugula pentsatzen dugu.

Musikari erreparatuz gero, folk zein viking metal doinuak indartu dituzue. Hasieratik jorratu duzuena da, baina heldutasun gehiago nabari da. Hobekuntza hori zuek ere nabaritu duzue?

Disko honetan argiago izan dugu hasieratik zer eta nola egin nahi genuen. Horrela errazagoa da dena homogeneoagoa izatea. Gainera, zaharragoak gara, eskarmentuarekin, eta hobeto jotzen dugu.

Gainera, musika tresna gehiago erabili dituzue. Zuk folk musika tresna batzuk sartu dituzu, eta kolaboratzaile on baten laguntza ere izan duzue. Proposamena aberastu nahi izan duzue?

Bai, aberastu eta hobetu egin dugu. Lehenengo diskoan whistle eta xirolarrua besterik ez nuen jotzen, eta oso denbora gutxi neraman jotzen, baina bigarren disko honetarako maila hobetu dudala nabaritzen dut. Gainera, teklaturen bat ere gehitu dugu eta soinua askoz osoagoa da. Horrez gain, Enekok, Briganthya folk musika taldeko kideak, asko lagundu digu. Nik teklatuarekin akordeoi moldaketa batzuk grabatu nituen, baina Enekok bere burua eskaini zigun benetako akordeoi batekin grabatzeko eta emaitza harrigarria da. Bestalde, bodhran eta didgeridoo bat sartu ditu eta giro epikoagoa eman die abestiei.

Zuek esana da death metal melodikoa eta folk metalaren ezaugarriak uztartzen dituzuela. Korronte ezaguna da munduan, beste talde askok jorratzen dutelako. Zuek, ordea, baduzue besteengandik desberdintzeko zerbait?

Ez dugu ezer asmatu, baina uste dugu gure proposamenak umore handia duela eta folk metal talde guztietan ikusten ez diren eraginak nahasten ditugula; adibidez, guretzako thrash metalaren eragina oso handia da, eta normalean ez da folk metalarekin lotzen. Horrez gain, guk Euskal Herrian jotzen dugu, oso gutxitan atera gara, eta folk metal estiloko talde gutxi daude. Beraz, gure proposamena orijinala dela esan dezakegu.

Hasieratik umoretsuak eta bihurriak zaretela erakutsi duzue. Zuen bideoklip bakarra ikusita batek baino gehiagok pentsa dezake viking metal parodia bat zaretela. Ordea, lan berriarekin serioago jarri zaretela dirudi. Hori bai, umorea galdu gabe. Ados zaudete?

Ez gara serioago jarri, benetan, betikoak gara, baina lan handia egin dugu disko honetan eta emaitza ona lortu dugu. Dena dela, horrek ez du esan nahi serioagoak garenik. Ez da posible.

Lan berria ere zuen estudio propioan grabatu duzue, baina soinua biribiltzeko Ederson estudioetara jo duzue. Bilatzen zenutena aurkitu duzue?

Bai, hasieratik argi eta garbi genuen diskoaren soinua. Aspalditik, abestiak entzuteko eta hobetzeko, demoak egiten ditugu. Beraz, estudioan grabatzen dugunean oso argi daukagu nola izan behar den ekoizpena. Dena dela, Mikel El Gordorekin landu dugu dena bikain uzteko. Profesional baten belarriak edukitzeak beti laguntzen du nahi duzun emaitza lortzeko, eta azken ukituak eman dizkio. Berak eta Unaik nahasketa eta masterizazio lan izugarria egin dute.

Folk metal komunitate batekin harremana duzuela ikusi dugu zuen sare sozialetan. Munduko beste hainbat talderekin harremanetan zaudete, alegia. Zuen artean ere gauzaren bat edo beste egin duzue. Horri buruz zer kontatu dezakezue?

Pandemia garaian lan handia egin dugu sare sozialetan, eta, horren ildotik, beste herrialde batzuetako talde askorekin harremanetan jarri gara. Horrela jaio zen The Wee Folk Metal Crew. Batzuek besteek egiten zutena sare sozialetan partekatzea bururatu zitzaigun, era horretan gehiago zabaltzeko, eta oso giro ona sortu dugu. Horregatik, guztion artean bertsio bat egin dugu eta etorkizunean zerbait gehiago egingo dugu.

Aurten ez dirudi, baina datorren urtean asmorik duzue diskoa taula gainera eramateko? Horrela bada, kontzertu dataren bat aurreratzerik?

Oraingoz ez dago kontzerturik. Bizitzen ari garen egoera berriz ere zailtzen ari da, eta ez dugu ezer antolatu nahi gero bertan behera utzi behar izateko.

Dagoeneko hirugarren diskoa prestatzen ari zarete. Zer aurreratu dezakezue?

Momentuz ez dugu formatua pentsatu, ez dakigu LP edo EP izango den. Nik uste dut EPa izango dela. Oraingoz aurreratu dezakegu 2022an Shout for War lehen diskoko kantu batzuen erremix bat argitaratuko dugula, datorren urtean hamar urte beteko dituelako.

Egia da euskaraz abesten hasiko zaretela, eta abestien gaietan euskal mitologiari tartea egingo diozuela?

Bai. Gaiez aldatzeko momentua iritsi dela uste dugu, eta mitologia nordikoa alde batera uzteko. Ez erabat eta betiko, baina gure mitologiari buruz hitz egin nahi dugu, eta noski, euskal mitologiari buruz abesten badugu, egokiena euskaraz egitea da. Ideia beti egon da buruan, baina aurreko abeslariarekin ez genuen euskaraz abesteko aukerarik. Orain, Mikel daukagunez, egin dezakegu. Momentu honetan euskaldunak garela nabarmentzeko beharra dugu. Gainera, Europako hizkuntzarik zaharrenetakoa dugu, ez dago hori baino gauza folkiagorik.

Eta bukatzeko, 2022ko zuen erronka nagusiena zein da?

Guri gehien gustatuko litzaugukeena agertokietara giro normal batean itzultzea izango litzateke, baina hori ezinezkoa bada, orain daramagun erritmoarekin jarraitu eta musika gehiago argitaratzea gustatuko litzaiguke.

Inaxio Esnaola Aranzadi

Hurrengo kontzertuak