Eztanda - Errua norena da?

Barrena husteko bidea topatu du Tolosaldeko Eztanda taldeak. Doinu gordin, geldo, pisutsu zein lasaiak ditu Errua norena da? lehen diskoak. Mezu kritiko eta zorrotzak ahots melodikoarekin arintzen dituzte, baina ez beti. Metal alternatiboaren eremu zabalean kokatu badira ere, ez da erraza azaltzea jorratzen duten musika. Horrek erakargarri bihurtzen du laukotea, eta aldi berean, lekuz kanpo harrapa dezakete bat baino gehiago. 

Duela lau urte elkartu ziren, eta denbora laburrean osatu dute iraupen luzeko estreinakoa. Anoetako gaztetxean maketa bat grabatu eta oso gutxira, Bonberenea estudiora joan ziren sei abestiko diskoa osatzera. Soinua hobetzearekin batera, proposamenari hainbat itzulinguru eman dizkiote, ezer zehazteko beharrik gabe. Pasarteko aldakorrez beteriko abestiak dira, eta batetik besterako aldaketa are nabarmenagoa da. Utopia da lehen kantua eta diskoko luzeena. Akaso, baita landuena ere. Pixkanaka abiatzen da, sarrera lauso batekin, eta halako batean bateriak iragartzen du aldaketa. Gitarren riffek eta bonbo bikoitzak indartzen dutenak, berriz ere lasaitzera jotzen du, eta zirkuluak bira berri bat ematen du. Ahots melodiko eta urratuek osatzen dute. 

Lehen esperientziaren ondoren, bigarrenak beste joera bati eusten dio. Hiria=Aberia nu metal garaikoa dela esan daiteke, nostalgia kutsuarekin. Pentsa, Berri Txarrak taldearen Ikasten diskora eraman dezake entzulea. Erraz konformatzen ez direlako gogortasunera bideratzen dira Legez abestiarekin. Hasiera zertxobait industriala badu ere, thrashcore eta groove doinuetan egonkortzen da. Oraingoan, Anestesia aipa daiteke erreferentzia gisara. Aldiz, askoz lasaiagoa da Dibertsitatea. Errepertorioan lekuz kanpo geratzen da, rock kantu duin bat izan arren. Baliteke balada modukoa izatea.

Barealdiaren osteko gordinkeria berreskuratzen dute azken bi kantuetan. Batetik, Ez! zuzen eta pisutsua erritmo aldakorrez beterikoa da. Zalantzarik gabe, hori da gipuzkoarren ezaugarri nagusia. Nahastea eta jostea. Horrela, normala da geruza askoko emaitzak lortzea. Bukaerarako utzi dute galdera, diskoari izenburua ematen diona. Erantzuna litzateke gizakia hiltzailea eta suntsitzailea dela. Barka spoiler erraza. Azken abestiak ere laukotearen sinadura du. Gitarra riff zehatzak, geldotasuna eta ahots melodikoak. Denetarik pixka bat, alegia. 

Aurten plazaratu den disko bereizgarri eta bereziena da gipuzkoarrena. Gustura entzun daiteke edo hasieratik alboratu. Lehen entzunaldia da erabakigarria, eta horrelako taldeek bigarren bat ere merezi dute. Eta hirugarren bat ere. 

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Bonberenea Ekintzak.

Abesti zerrenda:

01. Utopia
02. Hiria=Aberia
03. Dibertsitatea
04. Legez
05. Ez!
06. Errua Norena Da?

Entzun:

Hurrengo kontzertuak