Euskal Herrian azaleratu, iraun, apaldu eta desagertu egiten dira heavy metal taldeak. Baita itzuli ere. 2025ean dagoeneko bi dira bueltatu direnak: Oñatiko Latzen beteranoak eta Hilotz gipuzkoarrak. Aldiz, bukaeran aipatuko ditugun beste batzuen itzulera argitzeke dago.
Hamazazpi urte luzeren ondoren, Latzen heavy/thrash metal banda Lakuntzako azken Hatortxu Rock jaialdian itzuliko da agertokietara. Hain zuzen ere, 30 urteko ditu aurten oñatiarren Heriotzari deika maketak. Dena dela, ez dira urteurren bat ospatzeko bueltatu. Aro berri baten hasiera iragarri dute, laukotea berrituta. Aitor Uriarte (ahotsa eta gitarra), Gorka Lazkano (bateria) eta Joxemari Azpitarte (baxua) musikariekin bat egin du Yerko Ortiz (gitarra) legazpiarrak. Iker Martinez de Zuazok utzitako lekua hartu du. Kontzertu gehiago emateko asmoa dute, eta abesti berriak lantzen ari dira.
Martxoan iragarri zuen itzulera Hilotz thrash metal taldeak. Hiruko izatetik, berriz ere, laukote izatera pasatu zirela jakinarazi zuten. Ordea, gutxira kide baten agurraren berri eman zuten. Beraz, gipuzkoarrak bueltatu dira, baina ez espero moduan. Mikel Yarza (ahotsa eta baxua) da jarraitzen duen bakarra, orain, aurkezturiko bi kide berriekin: Alex Etxebeste gitarrista eta Urko Destribats bateria jotzailea. Itzulera kontzertua ere iragarri zuten maiatza bukaerarako, baina beranduago izango da. Gogoratu behar da 2021. urtean bateria jotzaile gabe geratu ondoren, etenaldi luze batean murgildu zirela.
Aipaturiko bi bandak izango ote dira 2025ean itzuliko diren bakarrak? Beste bi ere aipa genitzake. Batetik, Nafarroako Taken power metal taldea zuzenekoetara itzultzeko prest agertu da sare sozialetan. Bestetik, Bilboko Biok metalcore bandak denbora darama entseatzen eta taula gainera jauzi egiteko prestatzen.
Eta zuri zein talde itzultzea gustatuko litzaizuke?