Oñatiko Latzen heavy/thrash metal taldeak disko berria argitaratuko du urtea bukatu baino lehen. Beraien ibilbideko hirugarrena izango da, eta oporren ondoren hasiko dira grabatzen. Lan berria kontzertu bira batekin aurkeztuko dutela iragarri dute. Aldiz, aurrerago emango dituzte xehetasun gehiago.
Laukote berritua uztailaren 19an itzuli zen agertokietara, hamazazpi urte luzeren ondoren. Bilboko Zorrotza gaztetxean aritu ziren —bukaerako argazkia da goialdian ikus dezakezuena—, Elbereth legazpiarrekin batera. Egun batzuk geroago, uztailaren 25ean, Lakuntzako azken Hatortxu Rock jaialdian aritu ziren.
Latzenen aro berria lau musikari hauek osatzen dute: Aitor Uriarte (ahotsa eta gitarra), Yerko Ortiz (gitarra) —Iker Marrinez de Zuazoren ordezkoa—, Joxemari Azpitarte (baxua) eta Gorka Lazkano (bateria).
Oñatiarren itzulerak lotura zuzena du Heriotzari deika maketaren 30. urteurrenarekin. Lan horren iruzkina gure webgunean irakur dezakezue.
Latzen lau gaztek osatu zuten, 1993. urtean: Aitor Uriarte (ahotsa eta gitarra), Gorka Lazkano (bateria), Joxemari Azpitarte (baxua) eta Iker Martinez de Zuazori (gitarra). Esan moduan, Heriotzari deika maketa 1995ean plazaratu zuten. Gerora, bi disko argitaratu zituzten: Kontzientzia ala infernua (Oihuka, 1996) eta Ardi larruz (Oihuka, 1998). Sekulako arrakasta lortu zuten lehenarekin, besteak beste, Laztana baladari esker. Dena dela, 1999ko abuztuan banda desegitea adostu zuten, hirugarren diskoa grabatzear zirela.
2007ko urriaren 2an, Infernuko ateetan azken kontzertu bira iragarri zuten, eta 15 emanaldi eskaini zituzten Euskal Herriko hainbat herritan. Tartean, Eskoriatzakoa grabatu, eta 2008an, Hellmuga izeneko zuzeneko disko eta DVDa argitaratu zuten. Ondoren, lan berria aurkezteko beste zenbait kontzertu jo eta Latzen behin betiko lozorroan sartzea erabaki zuten.