2024/04/25

"Proposamen bizi batekin bueltatzea zintzoagoa iruditzen zitzaigun"

Nola bueltatu daiteke sorkuntzara Pi L.T. gisako talde bat horrenbeste denbora geldirik egonda? Besteak beste, galdera hori aukeratu du Mungiako laukoteak Garai honetan abesti berria aurkezteko. Izan ere, bi hamarkada luze pasa dira azken diskoa grabatu eta argitaratu zituztenetik. "20 urteren buruan batu eta elkarrekin berriz sortzearen fruitua" dela gaineratu dute. 2004an desegin ondoren, 2017an berriz elkartu ziren kontzertuak emateko. Orain, zuzenekoak ematen jarraitzeko doinu berriak aurkeztea erabaki dute. Rafa Rueda abeslari eta gitarra jotzaileak erantzun ditu gure galderak.

Bi hamarkada beranduago musika berria elkarrekin sortzea nolako esperientzia izan da?

Egia esan, nahiko modu naturalean ekin diogu berriz kantuak sortzeari. Aurretik batu izan garen guztietan kantu zaharrei baino ez diegu erreparatu, eta ez nuke ukatuko horrenbeste denboraren ostean kantu berriak sortzeak bertigoa sortzen duela. Halere, kirolariei gertatzen zaien moduan, partidaren aurreko nerbioak desagertu egiten dira behin partida hasita, eta gurean ere horrela izan da.

2017an kontzertu batzuk emateko elkartu zineten, baina orduan ez zenuten abesti berririk plazaratu. Ordea, orain, bai. Zergatik?

Iaz eman genuen kontzertuaren entseguetan zerbait ezberdina sumatu genuen. Hasteko, oso modu errazean berreskuratu genuen horrenbeste aipatzen den taldekideen arteko kimika hori. Bestetik, aspaldiko partez, guztien agendek bat egiten zuten, gogoa izanez gero, elkarrekin zerbait egiteko, eta azkenik, beste emanaldi batzuk egiteko aukera sortu zitzaigun. Horrek berriro bueltatzea suposatzen zuen, baina ez genuen bueltatu nahi ezer berririk mahai gainean jarri gabe. Kanta zaharrekin nahikoa genuela jakin arren, proposamen bizi batekin bueltatzea zintzoagoa iruditzen zitzaigun. Ez gatoz aspaldiko lanari etekina ateratzeko, denbora luze batean elkarrekin sortzen oso gustura gabiltzalako baizik.

Taldekide bakoitzaren bilakaeraren eta taldearen oraingo momentuaren emaitza dela adierazi duzue. Horrela ere, 'Game Over' azken diskoaren ildo naturalean koka daitekeela iruditzen zaigu. Iritzi berekoak zarete?

Agian bai, ez dakigu. Halako apreziazioak beti dira subjektiboak. Game Over gure azken lana zen eta normala da gure gaur egungo proposamenarekin gertutasun handiagoa sumatzea, baina erronkarik handiena lehen egindakori zerbait berria ekartzea da eta horretan saiatu gara.

Aro berri honetan kontzertu gutxi batzuk eman dituzue, eta pixkanaka gehiago iragartzen ari zarete. Zenbat eskaintzeko asmoa duzue?

Momentuz, lasaitasunez ekin diogu abesti berriak sortzeari. Bitartean, kontzertuak eskainiko ditugu, baina ez dugu mugÄ… konkreturik. Argi dago ez dugula duela hogei urte jotzen genuen kontzertu kopurua egingo, baina gure asmoa zuzeneko dinamikari ekitea da. Kantu berriei dagokionez, sorta interesgarri bat biltzen dugunean kaleratuko ditugu.

Iraungitze data dauka PI L.T.-ren aro honek?

Denak du iraungitze data, baina, momentuz, ez diogu horri erreparatu.

Inaxio Esnaola Aranzadi

Hurrengo kontzertuak