2024/02/28

The Descent taldeak 'Nevermore' single berria askatu du

Bizkaiko The Descent melodeath/modern metal bandak izandako bilakaera islatu nahi du Nevermore single berrian. Iragana eta oraina uztartu dituzte. Poema ezagun eta ilun batean oinarriturikoa da abestia.

Letren bideoa ikus dezakezue jarraian:

Duela lau urte inguru etena egitea erabaki ondoren, 2023. urte hasieran berriz ere elkartu eta boskotea berrosatu zuten bizkaitarrek.

Aro berriari hasiera emateko hainbat abesti grabatu zituzten Asuako Chromaticity Studios-etan. Aurrenekoa The Damned singlea izan zen eta Gerard Nafriak zuzendutako bideokliparekin aurkeztu zuten:

Gaur egun musikari hauek osatzen dute The Descent: Carlos Gumuzio Charlie (ahotsa), Unai Jimenez (gitarra), David Escalada (gitarra), Bruno Carlino (baxua) eta Oier de Pedro (bateria).

Martxoaren 9an taula gainera itzuliko dira Bilborock aretoan. Deimocracy, Our Natural Killer eta Blackhearth bandekin batera ariko dira zuzenean. Aldiz, martxoaren 16an Gernika-Lumoko Astra gunean joko dute, Metal Fabrika egitasmoaren programazioaren baitan. Incursed eta Electrikeel taldeekin batera ariko dira.

2006an sortu zuten banda, eta ordutik hona bi disko argitaratu dituzte: Dimensional Matters (Xtreem Music, 2012) eta The Coven of Rats (Suspiria Records, 2016). Bigarren lana osorik entzun dezakezue jarraian:

Hurrengo kontzertuak