2023/12/01

Estudioan: Legacy Of The Seas, Crucifucked, Cavan eta beste

Urtea bukatzeko hilabete falta denean, Euskal Herriko heavy metal talde eta bakarlari batzuk estudioko lanetan dabiltza.

Donostiako Legacy Of The Seas epic power metal banda iraupen luzeko lehen diskoa grabatzen hasi da Bergarako ESnSE Studios-etan –Lampr3a taldeko hiru musikariena–. Urtetako lana islatzea dute helburu laukotea egonkortu eta izena aldatu ondoren.

Bizkaiko Crucifucked crust metal taldea lan berri bat grabatzen ari da Bilboko Koba estudioan, Xanperen gidaritzapean. 2019an Four Songs to Ruin Your Life estreinako EPa kaleratu zuten.

Gasteizko Cavan metalcore bandak esperientzia errepikatu du Bergarako Auryn Studios-etan. Reir por no llorar aurreneko lan laburrarekin egin moduan, lehen diskoa ere leku berean grabatzea erabaki dute. Han ibili dira azkenaldian lanari forma ematen Tristan Iñiguezekin batera.

Javier Navarro Patxa abeslari bizkaitarra bakarkako lehen diskoa grabatzen ari da Asuako Chromaticity Studios-etan. Hamaika taldetan aritu ondoren, Ad Eternum bandako kantaria da egun, baina bere bide propioa ere jorratu nahi du.

Duela egun batzuk iragarri moduan, Txatar gipuzkoarrak lehendabiziko diskoa grabatzen ari dira Karrantzako BlackStorm estudioan. Datozen hilabeteetan osatuko dute prozesua, eta datorren urtean kaleratuko dute diskoa.

Bizkaiko Blackhearth heavy metal taldeak bigarren diskoa grabatu du Chromaticity Studios-etan. Hau da, The Wrath Of God estreinako lanaren esperientzia errepikatu dute. Xehetasun askorik ez dute eman, baina 2024an argitaratuko dute.

Aurrera begira, estudioren batean murgilduko diren bandak asko dira. Horietako batzuk aurreratuko dizkizuegu: The Kraven, Broken Legacy, Ancient Settlers eta Elbereth.

Hurrengo kontzertuak